argia.eus
INPRIMATU
Biharko Lurraren Elkartea: 20 urte bainan desafioak beti hor
  • Duela hogoi urte sortzen zen Biharko Lurraren Elkartea (BLE). Joan den ostiralean, Irulegin (Nafarroa Beherea) antolatu biltzar nagusian, bi hamarkadaz egin urratsak eta laborantxa biologikoaren gaurko egoera oroitarazten zuten elkarteko kideek.

Laborari 2013ko irailaren 26a
“Kontsumitzaleari zuzenka saltzen delarik, jendearen errespetua da bio izaitea. Gu bezalako mendiko etxalde batendako, kanpoan erosi behar den bazkaren prezioa da kezka, biologikoan partikulazki".

Nahiz berriki forma hartu duen, Garroako (Nafarroa Beherea) projektuaren inguruko gogoetek zuten BLEren sortzea bultzatu 90 hamarkada hastapenean. Laborari talde batek laborantxa biologikoaren aldeko laboratorioa bilakarazi nahi zuen Lekorneko jauregia. Etxaldea, formakuntza zentroa, esperimentazio gunea, osotasunezko projektua Euskal Herriko laborantxari bultzada berria emaiteko.

“Projektua luze joanen zela eta elkarte bat hobe zela sortzea erran zuten orduan Arrapitz eta ELBko kideek”, oroitzen da Felix Casteigts, Garroako lehen proietuaren eramailetarik bat eta BLEko lehen ordezkarietarik. “Euskal Herriko lehen laborantza ganbara zela Arrapitz pentsatzen ginuen eta hortan sartu ginen”, gehitzen du Behauzeko barazki ekoizleak.

Bio izena ez zen erabili, “hemengo jendea ez iziarazteko, ez baitzen bio laboraririk hemen”. Laborantxa biologikoan sartzeko gogorik ez zuteneri ere ideki zuten elkartea. Pundu hunengatik, zailtasunak ukan zituzten Akitaniako bio federazionean sartzeko bainan, gibelapenarekin, euskal elkartearen indarra egin duela erabaki hunek erran daiteke. Gaur egun 200 kide ditu BLEk ipar Euskal Herrian.

“Hastapeneko helburuak segitzen ditu beti BLEk. Gaur egun menturaz errexago da biorat pasatzea, produkzione guzietan baitira laborariak eta laguntza teknikoa eskuragarria baita”, dio Felix Casteigtsek. Alabainan, jakitate tekniko haundia bildua du elkarteak, bost teknikalari eta sareko laborarien artean eraman lanari esker.

Formakuntza aberatsgarriak

“Etxaldearen egoera ekonomikoaren hobetzeko, teknikoki gauzak untsa menperatu behar ginituela pentsatu dugu eta BLErekin formakuntza segitzen hasi gira. Laborantxa biologikoaren bidean horrela sartu gira”, kondatu du Marie-Jo Othatcegui, Behorlegiko laborariak, Irulegiko biltzar nagusian. Oilo hazkuntzan eta arroltze saltzean hasiak dira berriki, biologikoan ; ardi hazkuntza ere bio moldean eramaiten dute.

“Kontsumitzaleari zuzenka saltzen delarik, jendearen errespetua da bio izaitea. Gu bezalako mendiko etxalde batendako, kanpoan erosi behar den bazkaren prezioa da kezka, biologikoan partikulazki. Saltzapen zuzenari esker gainditzen da nekezia hori eta ere etxaldea beste molde batez eramanez : berantago erdiarazi primaderako bazkaz baliatzeko, kasu eman kabalek bazka nola baliatzen duten, etab. Obsalim bezalako metodoarekin ainitz ikasi dugu eta animaleko diferentzia ikusi dugu tropan. Gisa hortako formakuntzek ainitz ekartzen dute laborarieri, biologikoan ez direneri ere”, zion Marie-Jo Othatceguik.

Hazkuntzan, eremu eskasa eta bazka erostea zailtasun nagusi bezala erakutsiak izan dira beste bio hazleen ganik ere. Zereala erosteko sarea bultzatua du BLEk azken urte hauetan hazle eta “behereko” laborarien artean.  Partaidetza hau “beste lohika batzutan oinarritzea” untsa litaikela zioten Irulegiko gelan, “elkartasunean finkatuz gehiago”.

Beherean lurrak kolektiboki erosi edo landu behar lituzketela hazleek proposatzen zuen ere laborari batek, edo bederen sistima berriak pentsatu zerealak gastu prezioan eskuragarriak izaiteko. BLEri zuzentzen zion lan ardatz berri hau.

Bioa konpetizioan?

BLEko kideek biziarazten duten laborantxa biologikoaren izpiritua zaindu behar dela zioten ere elkartekoek. Presionea azkarra da bio munduan, laborantxa arruntan den konpetitibitate berdinean sartzeko. “Guri ez zauku konpetitibitatea interesatzen baizik eta elkartasuna. Konpetizionean badira irabazleak eta galtzaileak. Laborantxa biologikoa konpetizionean sartzen bada, gu laborari ttipiak desagertuko gira, laborantxa arruntan desagertzen diren bezala”, ohartarazten zuen Bittor Manrique, BLE elkarteko lehen lehendakaria izanak. Bio ekoizpena baino gehiago bio laboraria identifikatu behar dela zion, kontsumitzailea prest  baitago munduko beste puntako bio ekoizpenaren erosteko.