Lorentxa Guimon (Angelu, 1968) preso politiko gaixoaren aldeko ekitaldia egiten ari dira hainbat lagun Angeluko Herriko Etxearen aitzinean. Gau eta egunez, karpa batean itxialdia abiatu dute. Bihar, presoa espetxera itzultzea edo baldintzapeko askatasunean uztea erabakiko du Parisko Dei Auzitegiak.
Parisko auzitegiak Lorentxa Guimonen baldintzapeko askatasunaren ebazpena emango du ostegunean. Zenbait jendek Guimon etxeratzeko protesta iraunkorra abiatu dute astelehen honetan Angeluko Herriko Etxearen aurrean: “Eragile politikoei eta herritarrei dei berezia egin nahi diegu Guimonen egoera larriaz ohartarazteko” erran du Bagoaz-eko kide Emilie Martinek. Kolektiboaren eledunak “tokia zabalik da jende denei, presoen egoera aztertzeko eta egoera politikoaz eztabaidatzeko irekia orobat” gehitu du. Horiek horrela, Angeluko auzapez Claude Olive (zentrista-eskuindar frantsesa) protesta eremura hurbildu izana azpimarratu izan da.
Oroitarazi behar da epaileek Guimonen baldintzapeko askatasuna onartu zutela iazko azaroaren 24an. Alabaina, Parisko prokuradoreak (fiskalak) erabakiaren aurkako helegitea ezarri zuen. Bagoaz-en iritziz, askatasuna ukatzean “agerikoa da erabakia politikoa dela ”. Bagoaz-ek “Estatuaren jarrera salatu du, baita Frantziak Espainiako Estaturen jarrera bermatzen duela gaitzetsi ere”. Bagoaz-en hitzetan “biek ala biek Bake Prozesua blokeatzen dute”.
Crohnen gaixotasuna 1991tik
Lorentxa Guimon 2002an atxilotu zuten. Bretainiako Roazhongo (Rennes) presondegian dago. 2012an, ETAko presoen sei ordezkarien artean zegoen. Guimonek Crohnen gaitz sendaezina du 1991tik.
Bere egoera larria zela eta, iazko abenduaren 14an presondegitik ospitalera eraman zuten urgentziaz. Alabaina, erietxetik espetxera eraman zuten berriz ere abenduaren 29an. Iragan urtarrilaren 14an, Parisen aztertu zuten baldintzapean askatzeko eskaera. Askatasuna ukatu zioten haatik.
Presoen aldeko Bagoaz kolektiboak behin baino gehiagotan kezka eta protesta adierazi ditu euskal preso honen osasun egoera “larria” dela eta. Maritxu Paulus-Basurko bere abokatuak honela azpimarratu izan du: “2014ko irailetik izugarri txartu da Lorentxaren [Guimon] osasun egoera. Hilabetez hilabete, konplikazioak gehitzen joan zaizkio, alta bada, presondegiko medikuek ez dute behar bezala artatu”.
Guimonen baldintzapeko askatasunaren aldeko hainbat ekitaldi izan dira azken asteotan. Hil honen 17an, bederatzi gazte kateatu ziren Baionako Suprefekturan –Frantziako Gobernu Ordezkaritzan–. Presoaren egoera salatzeaz batera, bere askatasuna eskatu zuten, baita euskal preso guztiena ere. Iragan ostiralean, bost autobus irten ziren Euskal Herritik Roazhongo kartzelara. Otsailaren 20an, larunbatean, 500 lagunek Rennesen manifestazioa egin zuten preso eriaren alde.
Lorentxa Guimonen egoerak Ibon Fernandez Iradi presoarena ekarri du gogora. Fernandez Iradi Lannemezanen (Okzitania) preso dago. Egoera larrian izan arren, baldintzapeko askatasuna ukatu diote behin eta berriz. Bagoaz kolektiboak “kezkatua eta haserre” dela adierazi du fermuki.
Sare sozialetan #SosLorentxa aldarria