argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean askatuko dute Fusako Shigenobu, Japoniako Armada Gorriaren sortzaileetako bat
  • Ekialde Hurbilean urte asko borrokan eman ostean, 2000.urtean atxilotu zuten, Japoniara itzuli zenean.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko maiatzaren 27a

2000. urteko azaroaren 8an atxilotu zuen Japoniako poliziak Fusako Shigenobu, Kyoto inguruko hotel batean. Ordutik, 21 urte baino gehiago eman ditu ziegan Shigenobuk, baina bihar, maiatzaren 28an, askatuko dute. XX. mendearen bigarren erdian urte luzez "mundu mailako iraultza lortzeko" borrokan ibili zen Japonian eta Ekialde Hurbilean.

Gazte zenean hasi zen mugimendu ezkertiarretan militatzen Shigenobu, haurtzaro gogorra bizi ostean; izan ere, bere familiak diru gutxi zuenez, iseka eta burla egiten zioten txikitan. 1960. hamarkadaren amaieran Armada Gorriaren Frakzioan sartu zen, eta 1970. urtean atxilotu egin zuten. Galdetegia egin ostean askatu zuten, eta klandestinitatera jotzea erabaki zuen.

1971. urtean Libanora joan zen, eta XXI. mendera arte egon zen Ekialde Hurbilean. Bertan Japoniako Armada Gorria Palestinaren Askapenerako Herri Frontearekin lotu zen, eta Japoniako Armada Gorriaren proiektu iraultzailearen nazioarteko norabidea nabarmendu zuen.

Behin kartzelan, 2001. urtean, Japoniako Armada Gorriaren disoluzioa iragarri zuen. 1974. urtean Hagako (Herbehereak) Frantziako enbaxadan egindako bahiketagatik biziarteko kartzela zigorra eskatu zuten 2006. urtean Shigenoburentzat, baina ez zen onartua izan. 2010. urtean Auzitegi Gorenak ez zuen Shigenoburen helegitea onartu, eta hogei urteko kartzela zigorra berretsi zuten. Bihar amaituko du zigorra.