Jose Miguel Etxeberria, Naparra, aurkitzeko bigarren saioak porrot egin du Landetako Mont de Marsan herriko inguruetan. Iruñean ostiral honetan egindako agerraldian horren berri eman dute Eneko Etxeberria Naparra-ren anaiak eta Iñaki Egaña Egiari Zor fundazioko historialariak eta Iñigo Iruin abokatuak.
Jose Miguel Etxebarria, Naparra, Komando Autonomoak talde armatuko kidea zen eta 1980ko ekainaren 11n desagertu zen Ipar Euskal Herrian. Auziak joan etorri ugari egin ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalak kasua itxi zuen 2004an.
2015ean Iñigo Iruin familiaren abokatuak Iñaki Errazkin kazetariaren dei bat jaso zuen eta esan zion Ramón Francisco Arnau de la Nuez CESIDeko ustezko agente ohiak Naparra lurperatutako tokiaren berri eman ziola, Landetako Mont-de-Marsan-en.
Horren ondorioz, Paco Etxeberria auzi-medikuak txostena igorri zuen Auzitegi Nazionalera eta Ismael Moreno epaileak auzia ireki zuen berriz. Paco Etxeberriaren txostenean A eta B guneak zehazten ziren, non Naparraren gorpuzkiak egon zitezkeen lurperatuta, beti ere, Arnau de la Nuezek emandakoaren informazioaren arabera.
A lekuan ere ez dute aurkitu
Auzitegi Nazionalaren aginduari jarraituta, Frantziako segurtasun indarrek B izeneko lekua miatu zuten 2017ko apirilaren 4an, baina ez zuten ezer aurkitu. Familiaren eskariz A izeneko lekua ere miatzeko eskaera egin zuen Auzitegi Nazionalak ondoren, eta zazpi urte behar izan dira Jendarmeriak lan hori egiteko.
Horrela, iragan apirilaren 22an Frantziako Armadak indusketa lanari ekin zion berriz, beti ere Jendarmeriak gidatuta. Lehen eguneko jardunak ez zuen fruiturik eman eta 23an eta 24an ere horretan aritu ziren, miaketarako tresna teknologikoak eta hondeamakina bat erabilita. Miaketa lanetan izan ziren Eneko Etxeberria, Paco Etxeberria auzi-medikua eta Iñigo Iruin familiaren abokatua.
Agerraldian azaldu dutenez, urte asko igaro dira eta denbora horretan adierazitako eremua ere aldatuta dago, eta dituzten zehaztasunekin gaitza da irudikatzea zehatz-mehatz non izan daitekeen lurperatuta Naparra. Hondeamakinak 1.200 metro koadroko eremu bat arakatu zuen eta bestelako detektagailuekin are eta esparru handiagoa, baina ez zen gorpuzkirik agertu, eta apirilaren 24ko 18:00etan bilaketa lanak eten zituzten.
Ikerketaren pilota Auzitegi Nazionalean
Jendarmeriak bilaketaren txostena Auzitegi Nazionalera bidaliko du eta ondoren ikusiko da Ismael Moreno epaileak zer neurri hartzen duen. Epailearen erabakiaren ondoren, halaber, Naparraren familiak haien senidea bilatzen jarraitzeko hurrengo urratsak finkatuko ditu. Duela 44 urte moduan, gaur ere haien helburua Naparraren “gorpuzkiak aurkitu eta etxera ekartzea” dela gogoratu dute, “eta horrekin batera, egia jakitea eta justizia izatea, horretarako eskubide betea dugu eta”.
Espainiako Estatuan egunotan berrikuntza demokratikoaz asko hitz egin dela gogoratu dute, eta testuinguru horretan eskatu dute behin-betiko indargabetu dadila gaur egun indarrean dagoen 1968ko Sekretu Ofizialen Lege frankista.
Azkenik, bihotz-bihotzez haien esker ona adierazi diete urte hauetan guztietan bide lagun izan dituzten guztiei, eta aipamen berezia egin diote NBEn bortxazko indarkeriaren ikerketan aritzen den batzordeari: “Egin duten eta egiten duten auziaren jarraipenak gure txaloa merezi du”. 2014an, NBEko aipatu batzordeak onartu zuen Naparra indarrez desagerrarazi zutela, berea gizateriaren aurkako krimena dela, delituak ez duela preskribatzen eta auzia argitu arte ikertzen jarraitu behar dela.