argia.eus
INPRIMATU
Bigarren Mundu Gerratik, estreinakoz ultraeskuinak irabazi ditu hauteskundeak Alemaniako eskualde batean
  • Alemaniako Turingia eskualdean, hiru bototik bat jaso du Alemaniari Alternatiba eskuin muturreko alderdiak. Saxonian ere egin dira hauteskundeak, eta bigarren geratu da, ozta-ozta, demokristauen atzetik.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko irailaren 02a
Björn Höcke, AfDren Turingiako hautagai erradikala.

1949an Alemaniako Errepublika Federala eratu geroztik, lehenbiziko aldiz eskuin muturrak irabazi ditu eskualde mailako hauteskunde batzuk. Turingian gertatu da, herrialdearen ekialdean, Txekiar Errepublikatik gertu; bi milioi biztanle inguru ditu Turingiak –estatu federatu txikienetako bat da; Alemania osoan 83,3 milioi bizi dira–.

Alemaniari Alternatiba (AfD) eskuin muturreko alderdiak hiru bototik bat jaso du Turingian, alegia, %33ko babesa. Bigarren izan dira CDU demokristauak –Angela Merkelen alderdia–, botoen %23 jasota. Saxonian –4 milioi biztanle–, berriz, alderantziz, CDUk irabazi ditu hauteskundeak, botoen %32rekin. Puntu bat gutxiago eskuin muturrak.

Höcke: mutur-muturreko liderra

Björn Höcke izango da Turingiako agintaria, eskuin muturreko ordezkaria. 52 urte ditu eta, kurioski, Historia irakaslea da institutuan; kuriosoa, izan ere, gutxienez bi alditan kondenatua izan da nazismoari loturiko kontsignak bistaratu eta hainbat lelo ia berdintsu erabiltzeagatik, "jakin gabe".

Höckek ez du AfD-ren Berlingo eta beste inguruetako ordezkarien babes handiegirik, "erradikalegia" dela uste baitute. Akaso lagun gehiago ditu Austrian, Berlingo bere alderdiaren erdigunean baino. Austrian, bereziki, eskuin mutur identitarioko Neue Rechte-rekin du harremana, eta horko buruzagi Martin Sellner austriar faxista gaztearekin. Azken hori ere ikertua eta kondenatua izan da, nazismoko hainbat kontsigna erakusteagatik bere mitinetan.

Bermigrazioa defendatzen dute bai Neue Rechtek eta bai AfDk; bereziki Höckek. Hau da, migratzaile ororen deportazioa, herrialde bakoitza "herritar autoktonoena" soilik balitz bezala. Lehenik, "legez kanpoko migratzaileak" kanporatu behar direla diote, premia bizia horretan dagoela argudiatuta; eta bigarrenik, herrialdean asentatuta dagoen etorkin oro, "herrialdearen izatea segurtatzeko".

Ekonomiak pisu gehiago, Solingen-eko atentatuak baino

Duela hamar egun inguru, Estatu Islamikoak beregain hartu zuen Alemania hego-ekialdean gertaturiko krimena: 26 urteko gazte batek, sortzez siriarra baina Alemanian bizi zenak, labankadaz sastatu zituen dozena bat pertsona, eta hiru hil zituen. Ihes egitea lortu bazuen ere, bere burua aurkeztu zuen polizia-etxean hurrengo egunean. Estatu Islamikoak zera esan zuen, Palestinako eta beste leku batzuetako musulmanen "mendekua" zela.

Eskuin muturrak gertakaria kapitalizatu zuen, bereziki pasa den igandeko hauteskundeei begira; are, Höckek leloa aldatu zuen AfD-rentzat: Höcke edo Solingen. Zeuk aukeratu. Izan ere, Höckeren esanetan, Solingenekoa AfDrekin "ez zen sekula gertatuko, ezta inmigrazio masiboa edo segurtasunaren kolapsoa ere". Kanpaina horrek ez du, antza, botoetan eragin handirik izan; gertakari horien aurretik inkestek gertatu bezala ematen zioten AfD-ri, %30 inguru.

Alemaniako ekonomiak "geldirik" jarraitzen dutela seinalatzen dute hainbat adituk, eta horrek eragin handiagoa duela immigrazioak baino. Azken zazpi hilabeteetatik lautan BPGak behera egin du, hamarren batzuk bada ere, eta ekainean, esaterako, esportazioak %3,5 jaitsi ziren. Inflazioak, dena den, beheranzko bidea hartua du: %2tik jaitsi da uztailean.