argia.eus
INPRIMATU
14 lagun hil dituzte Libanon bigarren leherketa olatuan, oraingoan walkie-talkieak eztandarazi dituzte
  • Milaka pertsonaren aurkako lehen eraso koordinatu eta indiskriminatuaren ondoren, asteazkenean ehunka walkie-talkiek eztanda egin dute eta 14 pertsona hil eta 450 baino gehiago zauritu dituzte. Hezbollahko iturri batek baieztatu dio Reuters agentziari taldeak erabilitako walkie-talkieak erasoaren jomuga izan direla. Inork ez du zalantzatan jartzen, atentatuaren atzean Israelgo Gobernua dagoela.
     

     

Axier Lopez @axierL 2024ko irailaren 18a

Libanok beste leherketa saldo bat izan du asteazken honetan, eta informazio guztien arabera Hezbollahko kideek erabiltzen dituzten walkie-talkieen aurka zuzenduta egon da. Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 14 pertsona hil dituzte eta 450 zauritu baino gehiago daude.

Israelek, ohi bezala, ez du egiletza aldarrikatu, ez du adierazpenik egin, baina inork ez du zalantzan jartzen berea dela bi atentatu indiskriminatuen ardura.

Asteazken honetan, Beiruteko hainbat aldiritan gertatu dira leherketak, baita Nabatiye, Tiro eta Sidon hirietan ere, herrialdearen hegoaldean. Nabatiye hegoaldeko probintzian 60 etxebizitza eta establezimendu erre dira, baita dozenaka auto eta motozikleta ere leherketen ondorioz, Libanoko Defentsa Zibilaren arabera.

Eztanda egin duten walkie-talkiek, Reutersen arabera, 'made in Japan' eta 'ICOM' etiketa zeramaten, Japonian egoitza duen irrati-komunikazio eta telefonia enpresa batena.

Leherketa uholde berria Libanoko milaka pertsonaren aurkako lehen eraso koordinatua gertatu eta egun batera etorri da, Libanora iritsi aurretik manipulatuak izan ziren bilagailuen eztandek, 12 hildako –tartean bi adingabe– eta ia 3.000 zauritu eragin dituzte.

Hezbollahko Kontseilu Exekutiboko buru Hashem Sadfieddinek Israelen aurkako "zigor gogorra" eta "mendeku odoltsua" agindu ditu.