Inkesta gehienen faboritoa Daniel Noboa egungo presidente eskuindarra izan arren, aurreikusitakoa baino tarte txikiagoa atera dio Luisa Gonzalez hautagai correistari. Apirilaren 13an egingo da bigarren itzulia.
Ekuadorko presidentetzarako hauteskundeen lehen itzuliak emaitza estuak utzi ditu bi hautagai nagusien artean: %91 baino gehiago zenbatuta, Daniel Noboa egungo presidenteak botoen %44,3 eskuratu ditu, eta Luisa Gonzalez correistak, berriz, %43,8, CNE Ekuadorko Hauteskunde Batzordearen arabera. Bietako batek ere ez dituenez botoen erdiak baino gehiago lortu igandeko bozetan, bigarren itzulian lehiatuko dira berriz.
Noboak ez du adierazpenik egin hauteskundeen inguruan, eta bere alderdiaren –Ekintza Demokratiko Nazionala eskuindarra– egoitzan alderdikideak goibel agertu dira emaitzak jakin berritan. Gonzalezek, kontrara, garaipentzat hartu du jasotako babesa, eta bere jarraitzaileei pozik mintzatu zaie Quito hiriburuan: “Gure joera gorantz jarraitzea izango da, eta Daniel Noboak behera jarraituko du”.
2021 eta 2023 artean presidentea izan zen Guillermo Lassok dimisioa aurkeztu ondoren, botoen %52 eskuratuta irabazi zituen hauteskundeak Noboak. 2025. urtearen hasiera zaila izaten ari da ekuadortarrentzat: eguneko hilketa kopuruak, langabeziak edota pobreziak gora egin dute, besteak beste.