Gaur ukan du bozketa EH BAIk, Europe Ecologie ekologistak, Ensemble eta Frantzia Intsumisoak sostengaturiko ezkerreko zerrendak. Tinko izan da bozketa: 56 Etxetorekin ez aurkeztearentzat, 54 Etxetorekin aurkezteko eta sei boto zuri.
Azken asteetan Baionako baita Ipar Euskal Herriko abertzaleen artean ere tirabira handia sortzen zuena argitu da: abertzaleez osaturiko Baionako zerrenda ezkertiarra ez da Henri Etxeto sozialista jakobinoarekin aurkeztuko Baionako herriko hauteskundeen bigarren itzulian. Biltzar nagusi eztabaidatsua barda iraganik, maiatzaren 30 honetan erabaki dute elkarteko kideek: 56k bozkatu dute aliantzaren aurka, 54k alde eta seik zuri.
Barne bozkaketaren emaitzak: pic.twitter.com/HiuGEWio2D
— Baiona Verte & Solidaire (@BaionaVS) May 30, 2020
Euskal Elkargoaren, euskararen zein bake prozesuaren aurka kokatzen da Henri Etxeto, ahoan bilorik gabe. Ekologia arloan ere, AHT egitasmoaren alde kokatzen da. Hala eta guztiz ere, bigarren itzulian harekin aurkeztearen alde ziren hainbat, Jean-Claude Iriart Baiona Berde eta Solidarioa (BBS) zerrendako burua barne. Etxegarairi bidea moztu eta ezkerra boterera eramatea zen hauen helburua, hain zuzen, ezkerreko hiru zerrendak batuz egingarria izanki.
Aukera horri ateak irekiak zirela ikusirik, EH BAI ezkerreko koalizio abertzalean barne-prozesua eraman eta aurreko asteetan ondorioztatu zuen BBS Etxetorekin aurkeztuko balitz ez zuela zerrenda sostengatuko.
Beste bi bozketa izan dituzte kideek goiz honetan. Bigarren itzulian lekua duen Baiona Bihar Mathieu Bergé sozialistaren zerrendarekin aurkezteari buruz ere bozkatu dute: 91 alde, 21 kontra eta lauk zuri. Noski, aukera hori egingarria den ikusi beharko da ondoko egunetan, Bergéren zerrendaren gogoaren araberakoa ere izanen delako. Azkenik, bigarren itzulian bakarrik mantentzearen alde egin dute 48k, kontra 49k eta hemeretzik bozkatu dute zuri.
Martxoaren 15ean iragan zen lehen itzulian Jean-René Etxegarai auzapezaren zerrenda atera zen garaile botoen %40,33 lorturik, bigarren Etxeto (%29,76), hirugarren BBS (%13,12), laugarren Bergé (%11,20) eta azken eskuin muturra (%5,57). Ondoko egunetan zehaztuko da ekainaren 28an egitekoa den bigarren itzulirako Baionako panorama.