argia.eus
INPRIMATU
Bigarren etxebizitzen logikaren adibide berri bat, Ahetzetik aldi honetan
  • EH Bai koalizioak salatu du GSF Immobilier promotore pribatuak Ahetzen daukan egitasmoa: laborantzarako diren lurretatik etxaldea bota eta luxuzko hamar pisu eraikitzea. Martxoaren 4 honetan jakin da CDPENAF laborantza, natura eta oihan espazioen zaintzarako batzorde departamentala proiektuaren aurka kokatu dela.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko martxoaren 04a

Laborantzarako diren lurretatik etxaldea bota eta luxuzko hamar pisu eraikitzeko proiektua du GSF Immobilier promotore pribatuak. Lapurdiko Ahetze hirian kausituriko adibidea dugu hau, baina izan zitekeen Ipar Euskal Herriko beste herri batean, hain da presente etxegintzaren –eta are gehiago espekulazioaren– logika. Proiektu hau salatu du EH Bai koalizioak, desagertzekotan den Larre Luzea baserriaren aitzinetik: "Ez da dudarik, bigarren etxebizitzak izanen dira".

Ardura partekatua

"Erantzukizunak partekatuak dira: jabeak pentsatu behar du zer motako aktibitateak nahi dituen bere familiaren lurretan; Herriko Etxeak eraikitzeko baimenarekin zer egin nahi duen zehaztu behar du; eta tokiko hautetsiek haien esku dute proiektu honen orientazioak erabakitzea", adierazi du EH Baik.

Bizkitartean, CDPENAF laborantza, natura eta oihan espazioen zaintzarako batzorde departamentalak bere iritzia eman du: proiektuaren gauzapenaren aurka bozkatu dute. Hala ere, adi egoteko deia luzatu du EH Bai-k: "Gaurko emaitza ez da emaitza definitiboa beraz adi egon beharko gara eta dosierra hurbildik segitu".

Gaia Euskal Hirigune Elkargoan dute

Bizitegien Tokiko Plana lantzen dabil Euskal Hirigune Elkargoa; eta otsailean onarturikoa orain Herriko Etxeen esku dute, hauen iritzia ere jasotzeko gisan. Zehazki finkatzen du zenbat bizileku eraiki beharko liratekeen ondoko sei urteetan Ipar Euskal Herrian, eta zer motakoak izan beharko luketen. Besteak beste, biztanleriaren emendioari adaptatzeko 2015-2025 epean urtero 2.777 etxebizitza eraikitzea onartzeko galdegina zaie Herriko Etxeei. Ikusirik 60.000 etxe huts ditugula Ipar Euskal Herrian –kasik urte osoan hutsik diren 50.000 bigarren etxebizitza eta 10.000 etxe huts–, desadostasuna eragiten du lur jate eta eraikitze logika horrek.