“Etxebizitzaren gaia arazo nabarmena da Ipar Euskal Herrian”, Aitzinaren ustetan. Arazo hori azaleratzeko asmoarekin kanpaina bat abiatu dute gazte erakundeak. Euskal Elkargoak gaia landu dezala eskatzen dute.
“Ken nazazu baldin eta gutunontzi hau ez den bigarren etxe bizitza edo etxe huts batena”, mezu hori ageri da idatzita Aitzina gazte antolakundeak atera dituen eranskailuetan. “Lurra eta etxebizitzaren arloan ematen den espekulazioaren jokoak, gazteak, etxebizitza duinik eskuratu ezinean uzten ditu.” Egoera hori salatzeko, Ipar Euskal Herriko etxe hutsak eta bigarren etxeak markatzeko deia egin diete herritarrei gazteek.
Hiru pauso eman beharko dituzte kanpainan parte hartu nahi duten herritarrek. “Hartu pegatinak, zure auzo, herri edo eskualdeko postontzietan ezarri, zenbait egunez utzi eta begiratu emaitza”. Horrela Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren alorrean dagoen arazoa plazaratu nahi dute.
“Botere publikoen eta bereziki Euskal Herri Elkargoaren ardura da lurra eta etxebizitzaren inguruko arazoei erantzutea”, Aitzinaren ustetan. Horretarako etxebizitzaren inguruko azterketa “sakon” bat egiteko eskatu diete agintariei. Herritarrei ere dei egin diete azterketa parte hartzaile horretan parte hartzera.