argia.eus
INPRIMATU
Bigarren erreferendumaren aldeko ahotsak areagotzen ari dira Eskoziako alderdi laboristan
  • David Martin Europako Parlamentuko diputatu laboristaren ustez, Brexitaren emaitzak “beste galdeketa bat egiteko aukera zabaltzen du”.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 01
Brexitaren ondorioz, Eskoziaren independentziari buruzko galdeketa eskatzen duten ahotsak gero eta gehiago dira. (Argazkia: Resp. Party)

Erresuma Batuko panorama politikoa erabat aldatu du Brexitak. Europar Batasunetik ateratzeko erabakiak bestelako helburuak jarri ditu mahai gainean; tartean, Eskoziaren independetzia. Eskoziarrek %62ko babesa eman zioten EBn jarraitzeari, eta emaitza orokorrek bestelakoa adierazi arren, ez dute alde egiteko asmorik. Hala, EBko buruzagiekin elkartu da Nicola Sturgeon lehen ministroa, batasunean jarraitzeko formula bila.

Horrez gain, independentziaz bozkatzeko bigarren erreferendum bat egitea eskatzen duten ahotsak ugaritu dira azken egunetan. Europako Parlamentuan urte gehien daramatzan diputatu laboristaren kasua da. David Martinek azaldu duenez, Brexitak autodeterminazioaz “beste galdeketa bat egiteko aukera zabaltzen” du Eskozian. Zehaztu du independentzia ez duela “irtenbide gustukoena”, baina ez dakiela zein konponbide duen gaiak: “Kontua da jakitea Europarekin harreman posible onena lortzeko independentziarantz jo behar ote dugun, ala Erresuma Batuaren barnetik konponbiderik aurkitu dezakegun EBren onura gehienak mantendu ahal izateko”.

Urrunago joan dira laborista batzuk, eta SNPren bidelagun egin dira independentziaren bidean. Hala, Malcolm Chisholm osasun ministro ohiak Financial Timesen azaldu du eskoziar askok iritziz aldatu dutela 2014ko erreferendumaz geroztik: “Iruditzen zait orduan ezezkoa bozkatu zuten askok orain baietzaren alde egingo luketela”. Bere burua hartu du adibidetzat: “Egun, independentziaren alde bozkatuko nuke”.

Antzera mintzatu dira Chisholmen zenbait alderdikide. Henry McLeish Eskoziako lehen ministro ohiaren arabera, “onartu beharra daukagu independentziari ezetz esatea ez dela estrategia ona, ezta konponbidea ere”. Gauzak horrela, bigarren erreferenduma eskatzeko iradoki die alderdikide laboristei, eta kasu egin dio Eric Joycek: bere blogean beste galdeketa bat eskatu du, eta gaineratu du “zenbat eta lehenago, hobe” dela.