Bigarren independentzia erreferenduma egiteko bidean da Eskozia. Europar Batasunean (EB) geratzearen alde egin zuten eskoziar gehienek ‘Brexit’aren galdeketan, eta horien interesak defendatzeko beharra duela adierazi du Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak.
Eskoziako Alderdi Nazionalistak (SNP) hasiera eman dio urtero egiten duen biltzarrari. Glasgown bildu dira hiru egun iraungo dituen Konferentzia Nazionala egiteko. Bertan azaldu du Sturgeonek bigarren independentzia erreferenduma eskatzeko lege-proiektua aurkeztuko dutela datorren astean. Brexitaren emaitzak aztertzerakoan ere independentziari buruzko galdeketa bat egiteko asmoa zutela iragarri zuen lehen ministroak.
Ekainaren 23an egin zuen Erresuma Batuak EBtik ateratzeko hautua. Eskozian, aldiz, herritarren %62ak gelditzearen alde bozkatu zuen. Horren harira, “eskoziarren interesak defendatzeko beharrezkoa den guztia” egingo duela adierazi du Sturgeonek. Bigarren erreferenduma EBtik irten baino lehenago egin nahi dutela gaineratu du. Brexit prozesua 2017ko martxoa baino lehen hasi nahi du Theresa May Errresuma Batuko lehen ministroak.