Asteburuan Iruñean gutxienez bi eraso homofobo izan dira. Instituzioek gertakariak gaitzetsi dituzte eta Raul Lopez Kattalingorri LGTB elkarteko kideak “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko eskatu die.
Ostiral iluntzean Iruñeko Abejeras kalean izan zen orain arte jakitera eman den lehen erasoa. Eskua emanda zihoan bikote batek irain homofoboak jasan zituen gazte talde baten eskutik eta kolpatu ere egin zituzten kalean zehar jarraika zituztela. Biktimetako bat anbulantzian artatu behar izan zuten. Eraso hau Udaltzaingoan salatu eta erantzuleen peskizan dabil orain polizia munizipala.
Bigarren erasoaren berri sare sozialetan baino ez da zabaldu. Euskadi Irratian Raul Lopez Nafarroako Kattalingorri LGTB elkarteko idazkariak azaldu duenez, egun berean izan zen eraso hori lokal batean. Kasu honetan baina, biktimek ez zuten gertakaria salatu. Lopezen esanetan, askotan gertatzen diren erasoen beste kate-begi bat dira honakoak, eta Udalean eta udaltzainen artean “protokolo bat” ez egoteak eragina dauka salaketak ez jartzeko.
Nafarroako Parlamentuak “elkartasuna eta babesa” eman die erasotuei talde parlamentario guztiek sinaturiko idatzian, Iruñeko Udalak ere gaitzetsi du erasoa eta herritarrei dei egin die “deus egin gabe” ez geratzeko, Euskalerria Irratiak jaso duenez. Biolentzia matxistaren kontra astelehenero egiten den Lunes Lilas bilkuran ostiraleko eraso homofoboak ere izan zituzten gogoan.
Lopezen aburuz gaitzespen horiek beharrezkoak dira, baina, “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko ordua ere bada bere ustez, eta politika errealak eskatu ditu halakoak gerta ez daitezen. Salatu duenez, gay eta lesbianen eremuko politiketara 40.000 euro baino ez ditu bideratzen Nafarroako Gobernuak. Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan Kattalingorriko kideak azaldu du hezkuntzaren arloan ere lan handia dagoela egiteko sexu askatasunari buruzko jarrera inklusiboak sustatzeko.