argia.eus
INPRIMATU
Bigarren Dantzan Ikasi topaketak egingo dituzte Eibarren
  • Eibarren izango dira 2022ko Dantzan Ikasi topaketak, maiatzaren 21ean. Joan den urtean abiatu zuten ekimena, dantzaren irakaskuntzaren inguruan hausnartzeko. Gorputzaren ezagutza eta prestaketaren garrantzia, euskal dantzaren titulazioaren auzia eta euskal dantzaren irakaskuntzan Lapurdin eta Nafarroa Beherean antzematen diren gabeziak landuko dituzte, besteak beste. Izen-ematea zabalik dago dagoeneko.

dantzan.eus Dantzan Ikasi 2022ko maiatzaren 04a
Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2021-05-08. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Prest dago maiatzaren 21ean Eibarren egingo diren 2022ko Dantzan Ikasi topaketen programa. Iazkoa bezain mamitsua izango dela espero dugu. Hain zuzen, lehen topaketa horietan nabarmendu zen premietako bat, dantzaren irakaskuntzarako material pedagogikoari dagokionaren alorrean eman diren urrats batzuk aurkeztuko dira jardunaldian.

Horrez gain, gorputzaren ezagutza eta prestaketaren garrantzia jorratuko da, euskal dantzaren titulazioaren inguruan azken hilabeteotan mugitzen ari dena azalduko da edo garai batean plazan natural ikasten zen biribilketa gaur egun irakatsi behar ote den planteatuko da. Gero eta orokorragoa den kezka bat ere plazaratuko da: dantza-irakasle eta dantzarien kontratatazio, ordainketa eta kudeaketan sortzen diren zalantza eta arazoei dagokiena.

Euskal dantzaren irakaskuntzan Lapurdin eta Nafarroa Beherean antzematen diren gabeziak eta Euskal Dantzaren Adierazpenaren 10. urteurrenean eta Covid ondoko eszenatokian euskal dantzaren egoera eta erronkei begiratuko diegu. Eta bukatzeko, nola ez, dantzan arituko gara. Eibarko Armeria eskolan bilduko gara egun osoko egitarauaren bueltan dantzari, irakasle, begirale, dantzazale, ikertzaile, aditu eta arituak. 

Dantzan Ikasi Topaketak 2022 Egitaraua

9:30 Harrera eta aurkezpena

10:00 Dantzaren irakaskuntzarako materiala sortzea: Sortutakoak Tradizionala 9 deialdia. Gari Otamendi (Dantzan - Dantzagunea), Aritz Ibañez (Duguna) eta Jon Olazkuaga (Maritzuli).

10:30 Elkarrizketa: Gorputza ezagutu eta oinarrizko teknikak lantzearen garrantzia. Garbiñe Aizpitarte (Gabota - Zarautz) Elkarrizketa: Amaiur Aristik (Dantzan)

11:15 Biribilketa irakasten: Jakina da, ala lantzea komeni da? Nola? Patxi Montero (dantza-irakaslea)

11:45 Atsedena. Kafea.

12:15 Dantzaren irakaskuntza musika eskoletan: gaurko panorama, ajeak eta etorkizuneko erronkak. Euskal dantza titulazioaren inguruan. Mahai-ingurua: Patxi Laborda (Bilbao Musika - Aiko), Monika Bañales (Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola), Josu Garate (Dantzan Ikasi - Dantzerti), Jon Fernandez (Gasteizko Udala Folklore Akademia).

13:30 Etena. Otordua.

15:00 Dantza-irakasle eta dantzarien legezko kontratazioa eta kudeaketa. Izaskun Salazar (Aurtzaka), Gari Otamendi (Dantzan-Dantzagunea)

15:45 Lapurdi eta Nafarroa Behereko dantzen irakaskuntzaren gabeziak. Oihana Betelu (Begiraleak) eta Pierre Latasa (Begiraleak)

16:15 Euskal dantzaren adierazpenak 10 urte. COVID osteko egoera euskal dantzan. Gaurko egoera eta erronkak. Mahai-ingurua: Oier Araolaza (Dantzan), Oihana Betelu (Begiraleak), Unai Esturo (Iurretako dantzariak), Aritz Ibañez (Duguna), Mikel Lasarte (Ortzadar), Pierre Latasa (IDB).

17:30 Topaketaren soka-dantza, eta ostekoak!

 

Dantzan Ikasi Topaketak 2022

Data: 2022ko maiatzak 21, larunbata

Ordutegia: 9:30 – 18:00

Lekua: Armeria Eskola (Isasi kalea 36), Eibar

Prezioa: doakoa, plaza mugatuak!

Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen