argia.eus
INPRIMATU
Bigarren bozketan ere, ugalketa lagundua emakume guztiei zabaltzearen aurka bozkatu du Frantziako Senatuak
  • Bikotean diren lesbianentzako eskubidea zabaltzearen alde agertu badira ere senatariak, bikotean ez diren emakumeentzat ez dute onartu. Horrez gain, gizarte-segurantzaren ordainketa bakarrik bikote heterosexualei bideratzearen alde agertu dira.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko otsailaren 05
Ugalketa lagundua emakume guztiei zabaltzearen aldeko elkarretaratzea, Baionan Jenofa Berhokoirigoin

Bioetika Legearen lehen artikulua atzera bota du Frantziako Senatuak, otsailaren 2an bezala, ostegun honetako bozketan ere. Haien bozketari segi, ugalketa lagundua ez da emakume guztiei bideratzen ahalko: bikotean ez diren emakumeek ezingo dute legalki ama izan. Bi emakumeen arteko bikoteei zabaldu badiete ere eskubidea, gizarte-segurantzak soilik ordainduko die bikote heterosexualei. Ikuspegi heteronormatua nagusitu da beraz beste behin ere Frantziako Parlamentuan.

"Patriarkatuaren ikasgai argia dugu bozketa hau: gaiaz axolarik ez duten gizonen bozketa dugu, iduriz informatu ez direnena, eta familiaren ikuspegi tradizional eta zaharkitua dutenena", ohartarazi du bikotean ez diren emakumeek osatu Mam'ensolo elkarteak. LGBT elkarteak ere kexu agertu dira: "Mespretxua da, ugalketa lagundua aspaldian itxoiten duten lesbianei buruzko iraina da bozketa hau", SOS Homofobia taldearen hitzetan. Eskubidea emakume guztiei zabaltzea eskatzeko izenpedura bilketa abiaturik dute aldekoek.

Asteartean 48 senatarik alde bozkatu zuten, 132k aurka eta 152 abstenitu ziren, tendetzia bera mantenduz ostegunekoan ere, gaueko 01:30etan burutu bozketan. Senatuko presidenteak ondokoa adierazi du: "Dolu dut Senatuak pasatzen utzi izana testua hobetzeko aukera".

Iazko uztailean alde bozkatu zuen Legebiltzarrak, baina Senatuaren bozketak bidea moztu dio eskubidea zabaltzeko aukerari. Hori horrela, zazpi senatari eta zazpi diputaturen arteko komisio bat osatuko dute akordio batera heltzeko helburuarekin. Ez badute adostasunik lortzen, Legebiltzarrak ukanen du azken hitza "udaberrian", behin betiko bozketa "uda hasiera aitzin" egiteko asmoarekin.

Bioetika Legean ez da aipatzen ugalketa lagunduaren bidea transei zabaltzeko posibilitatea.

2012az geroztik, ezin aitzinatuz

2019an aurkeztua izan zen Bioetika Legea Frantziako Ministroen Kontseiluan eta orduz geroztik, Parlamentuan da testua. Luze bilakatzen ari da afera bikote heterosexual batean ez diren emakumeentzat. Hain zuzen, 2012an François Hollande presidenteak hitz eman zuen ugalketa lagunduaren eskubidea emakume guztiei zabalduko zuela. Baina aurkako mugimenduaren lobby lanaren parean, gay eta lesbianentzako ezkontza eta adopzio eskubidea gauzatu zuen, ugalketa lagunduaren gaia albo batera utziz.