argia.eus
INPRIMATU
Bigarren aukerak

Uxue Gutierrez Lorenzo 2024ko uztailaren 16a
Agurea, urpekaria eta itsasoa / Uztailaren 3an / Bilboko Casilda Iturrizar parkean (Kalealdia). Argazkia: Hortzmuga Konpainia.

Bilboko Casilda Iturrizar parkea kale antzerkiaren topaleku bihurtzen da urtean behin. Aurten, 25 urte betetzen ditu Kalealdia festibalak, eta uztaileko lehen astean 32 konpainiaren 86 emanaldi egon dira ikusgai.

Uztailaren 3an, berehala egin zait deigarria parkearen urmaeletako baten alboan dagoen egitura koloretsua. Sare batek eusten ditu plastikozko hondakin koloretsuak, eta egiturak osatzen du hastear den emanaldiaren oholtza: Hortzmuga konpainiaren Agurea, urpekaria eta itsasoa obra. 1989an sortu zen Hortzmuga konpainia, eta ontzen dituzten ikuskizunetan kritika sozialaren bitartez kontzientzia piztea dute helburu.

Adineko gizon bat agertu da oholtzan lehenengo, eta erdi itsasontzi/erdi etxe itxura duen espazioan mugitzen hasi da: Ulises da bera. Zaborra arrantzatu, sarean bildu eta egiturari erantsi dio. Horrela eraiki du bere egonlekua. Lasai bizi da Ulises bere txokoan, gainerakoengandik aldenduta.

Felix urpekaria dugu bigarren protagonista. Gaztea, energiaz betea eta Instragram-en ezaguna. Hater-ak, like-ak eta follower-ak dira bere kezka nagusia eta erronkak grabatzen eta sareratzen igarotzen du eguna. Gaurkoan, olatu erraldoi batek nola irensten duen grabatzea da bere zeregina. Itsaso(a)k, ordea, bestelako egitekoa du prest Felixentzat.

Hirugarren protagonista da, akaso, esanguratsuena: Itsaso. Urdinez jantzita doa itsasoa den Itsaso, eta besoetatik eutsita dituen hegal handiekin olatuen mugimendua simulatzen du. Gaixo dago, gizakiok isurtzen ditugun hondakinek itota. Ulisesi eramaten dizkio hondakinak, agureak bigarren bizitza bat eman diezaien. Gaurkoan, berriz, Felix eta Ulisesen arteko enkontrua sortu nahi du Itsasok. Batak bestearengandik zer ikasi badutela iruditzen zaio.

Antzezlanak Ulisesen eta Felixen arteko harremanaren bitartez hainbat gai mahaigaineratu ditu: Felix pantailetatik kanpo bizitzera behartuta dago Ulisesen uharte isolatuan. Ulises, aldiz, aspaldiko partez beste gizaki batekin harremantzera behartu du egoerak.

Bigarren aukeren aldarria da antzezlana, natura eta ingurumena zaintzeko garaiz gaudela iradokitzen duen proposamen esperantzatsua. Felix urpekariak hezurmamitzen du esperantza. Gazteak Ulisesen lekukoa hartu du, eta itsasoa zaintzeko egitekoa bere gain hartu. Bigarren aukera du Felixek, bigarren aukera dute itsasora isuritako hondakinek eta bigarren aukera izan dezake kontsumismoan eta zaborraren metaketa zoroan murgildutako gizarteak. Felixen adibidea gure egiteko aukera eman digu antzezlanak ikusleoi, itxaropen izpi bat bailitzan.