argia.eus
INPRIMATU
Bigarren aldiz atzera bota du Nafarroako Auzitegi Nagusiak Skolae programa
  • Edukietan sartu gabe, epaitegiak “tramitazio akatsak” argudiatu ditu berdintasunean hezteko programa baliogabetzeko. Hezkuntza Departamentuak helegitea aurkeztuko du.

Euskalerria irratia @fm983irratia Haritz Pascual Garjon 2024ko otsailaren 29a

Hezkuntza Departamentuak auzitegi nagusiaren epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko du, ebazpena errespetatzen duen arren konpartitzen ez duelako. Izan ere, epaitegiak  bigarren aldiz atzera bota du berdintasunean hezteko lana egiten duen Skolae programa. Ez da edukietan sartu, baina 2020an gertatu bezala, akats tekniko, tramitazio akatsak aitzakia hartuta baliogabetu du programa. Orduan gertatu bezala, auzitegi barruan Skolae gelditzeko tema handia duten epaileak daudela ikusi da.

Auzitegiaren ebazpenak dio Skolae programa ezartzeko prozeduran ez zela arauaren beharra argudiatzeko txostenik egin, ezta haren menpe geratuko diren arauen zerrendarik ere.

Nafarroako Gobernuak helegitea aurkeztuko du, argudiatuta programaren ezarpena ez dela lege bat eta bere justifikazioa Nafarroako eta estatu mailako hainbat arautan oinarrituta dagoela erakutsita.

"Ez dut ulertzen ahal Nafarroako Auzitegi Nagusiak hartutako jarrera, nahiz eta ez den edukietan sartzen, baina lasaitua hartu dut Hezkuntza Departamentuak errekurritu duela jakitean", esan du Maria Solana hezkuntza kontseilari ohi eta Geroa Baiko parlamentariak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan.