argia.eus
INPRIMATU
Bigarren aldiz aktibatu du erasoen aurkako protokoloa Gasteizko mugimendu feministak
  • Ostegun goizean udaltzaingoak gizon bat atxilotu du emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Larunbat gaueko sexu erasoagatik atxilotutako gizona espetxeratu du Gasteizko epaileak. Espainiako Poliziak Bilboko talde bortxaketaren harira behin behinean aske geratu ziren lau gazteak atxilotu eta identifikatu ditu, kanporatze aginduak irekitzeko.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 09a
Bigarren egunez jarraian antolatu du Gasteizko mugimendu feministak erasoen aurkako kontzentrazioa. Argazkia: Halabedi.eus.

Erasoen aurkako protokoloa bigarren aldiz aktibatu du Gasteizko mugimendu feministak jaietan. Ostegun arratsaldean kontzentrazioa antolatu dute kolektibo feministek, bigarren aldiz jarraian. Ostegun goizean jaietako laugarren erasoa ezagutu zen. Udaltzaingoak 34 urteko gizon bat atxilotu zuen goizeko 7ak aldera hiriko erdialdean, 30 urteko emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Jaietan ezagutarazi den laugarren erasoa da.

Lehendabizikoa larunbat gauean gertatutakoa izan zen. Gizon batek emakume bati sexu erasoa egin zion Gasteizko aldirietako gasolindegi batean. Emakumeak aurre egin eta erasotzaileak ihes egin zuen. Asteartean atxilotu zuen Poliziak. Ostegunean epaile aurrean deklaratu, eta espetxeratu egin du epaileak, sexu erasoa egiten saiatu izana leporatuta.

Blusen kuadrillako kide ohien oharra

Asteazkenean mezu matxistak erakutsi zituen Mozkorraldi kuadrillak pankarta batzuetan. Ostegun arratsaldean, kuadrillako zenbait “kide ohik” oharra bidali dute komunikabideetara. "Kuadrillari eman zaion erantzun soziala ulertzen dugu", adierazi dute. Juntaren aurka egin dute, mezuak ateratzeko erabakia harena izan zela eta juntatik kanpo inork ezer ez zekiela ziurtatuz: "Abisu bakarra hiru pankarta berri gehituko zirela izan zen, baina edukiaz ohartarazi gabe". Zuzendaritzak "iraindu eta erabili" dituela salatu dute. Ordu batzuk lehenago, kuadrillarekin aritzen den txarangak ez zuela gehiagotan egingo adierazi zuen.

Kanporatze agindua Bilboko lau ustezko erasotzaileei

Espainiako Poliziak Bilboko talde bortxaketagatik behin behinean eta kargupean aske geratu ziren lau gazteak atxilotu ditu ostegunean. Egunero epaitegira sinatzera joaten badira ere, Abandoko geltokiaren inguruan atxilotu dituzte. Poliziak adierazi du euren egoera administratiboa zein den ezagutzeko egin dituela atxiloketak. Ordu batzuren ondoren aske geratu dira. Europa Press berri agentziak zabaldu duenaren arabera, lau gazteak Espainiatik kanporatzeko izapideak hasi ditu Espainiako Poliziak.