argia.eus
INPRIMATU
Bigarren aizkorakada

Joseba Alvarez @JosebaAlvarez 2022ko urriaren 20a

Hezkuntza Lege berria bideratzeko asmoz, Gasteizko Legebiltzarreko lau indar politiko nagusiek pozez eta atseginez ateratako argazkia instituzionalaren “adostasunak” gutxi iraun du. Zuzendaritza guztiek herritarren aurrean eredugarritzat jo zuten akordioa desegin egin da, egitasmoa martxan jarri aurretik, hori bai, bideraturik zegoen hezkuntza arloko greba bertan behera utzi ondoren eta kalapita ederra sektore osora zabaldu eta gero. Inork entzun al du nonbait inoren autokritikarik txikiena? Gauzak horrela, argi dago Hezkuntza Legearen prozesua eta bilakaera ez dela eta ezin dela eredugarria izan beste akordioetarako.

Denborak erakutsi du lorpen historikotzat jo zen hezkuntza esparruko “adostasunak” euskal jendarteko sektore zein eragile askorengan -bereziki, arlo sozialean, sindikalean eta euskalgintzan- sorturiko kezka larriak justifikatuak zeudela. Unea iritsi denean, ustezko akordioa pitzatu egin da eta kritikak ugaritu: hizkuntza eredua, segregazioa, curriculuma, kudeaketa, lan baldintzak, finantziazioa, proiektu nazionala… dena arazo bihurtu da. Adostasun instituzionala eta batasun soziala bi gauza ezberdin direla ikusi dugu berriro ere, eta lehenak ez duela bigarrena ordezkatzen, gainera.

Ez ditugu hemen egin diren kritika horiek guztiak jasoko, baina begi bistakoa da Hezkuntzaren Legearen inguruan batasunik ez badago, indar politiko hauen artean Euskal Herrirako proiektu nazionalaren inguruko batasunik ez dagoelako dela, bata bestearen ondorio zuzena baita. Batasun ustelaren bide hori, beraz, antzua da ikuspegi estrategiko nazionaletik zein sozialetik, hainbat indar politikoren elektoralismorako balio duen arren.

Kontseiluak, Ikastolen Elkarteak, EHIGEk, Hik Hasik, LABek, ELAk, Steilasek eta Heizek osatu duten proposamenak, besteak beste, euskarazko hizkuntza eredu orokortu eta inklusibo bakarra hezkuntza sare osora zabaltzea proposatzen du. Egitasmo hori Hezkuntza Lege berrian jasotzen ez bada, Euskal Herriko proiektu nazional zein sozialaren aurkako PNV eta PSEren aizkorakada estrategiko berria izango da. Koldo Tellituk gogoratu duen moduan, Hezkuntza Lege horretan ez da murgiltze eredua aipatu ere egiten, horretan adostasunik ez dagoelako. Horrela konpontzen ditugu gure arteko ezberdintasunak, akordioetatik at utziz…

Eta orain, bigarren aizkorakada estrategikoa ematera dator PNV-PSE Gobernua. Administrazioaren esparruan oraingoan. Urkulluren Gobernuak 2023ko maiatzeko hauteskundeen aurretik administrazioaren euskalduntze prozesuan izugarrizko eragina izango duen Hizkuntza Eskakizunen Dekretu berria zirriborratu du. Hemen ere, gainera datorkigun atzerakada ikusirik, Kontseiluak, ELAk eta LABek “Sektore Publikoa euskalduntzeko proposamena” kaleratu dute.

Ekarpen hauek Hizkuntza Eskakizunen Dekretu berrian jasoko diren ala ez ikusteke dago oraindik, baina Hezkuntza Legearen inguruan bezala, administrazio alorrean ere itxura txarra du honek guztiak.

Izan ere, ez dugu ahantzi behar PSEk 2012an, Hezkuntza kudeatzen zuen garaian, Baliokidetza Dekretua jarri zuela abian. Bertan, DBHko ikasketak D ereduan -inmertsioan- burutzen zituzten ikasleei administrazioko II. Hizkuntzan Eskakizuna (B2 nazioarteko hizkuntza mailaketan eta Hezkuntza Lege berriaren terminologian) baliokidetzea erabaki zuen, eta unibertsitateko ikasketak euskaraz burutzen zituztenei, administrazioko III. Hizkuntza Eskakizuna, EGAren baliokidea dena (C1 nazioarteko hizkuntza mailaketan). Baina guztiok dakigu D ereduaren -inmertsioaren- emaitzek, onenak izanik ere, askotan ez dutela hizkuntzaren behar bezalako gaitasuna bermatzen, ez DBH amaieran, ezta unibertsitate bukaeran ere... Eta, halere, titulazio hori aitortuko zaie erabat euskaldundu ez diren ikasleei? Zertarako?

Inork uste al du murgiltzea Hezkuntza Lege berritik kendu ondoren eta “euskara ardatz izango duen eredu eleanitza” martxan jarrita, egoera hau hobetuko denik, Legean ikasleek ikasketa amaieran B2 maila izan behar dutela jarri arren? Egoera honetan Hezkuntza eta Administrazioaren arteko baliokidetza automatiko horiek bere horretan onartu behar al ditugu?

Hizkuntza Eskakizunen Dekretu berriaren helburu nagusia ez da administrazioko langileen euskararen erabilera arautzea, langileen euskararen ezagutzan eragitea baizik. Proposatzen diren Hizkuntza Eskakizun “asimetrikoen” bidez, euskaraz hitz egiten “ondo”, baina “idazten ez dakiten” funtzionarioentzat ateak zabaldu nahi dituzte. Zalantzarik gabe, erdaraz lan egingo duten horrelako euskaldun asimetrikoz bete behar dugu euskal administrazioa? Administrazioak onartuko al lituzke erdaraz “ondo” hitz egiten baina “gaizki idazten” duten funtzionarioak? Norentzako dira perfil asimetriko horiek? Hezkuntzak ondo euskaldundu ez dituen langile berrientzako, agian? Eta noiz arte horrela?

Beste 15 urtez luzatu behar dugu administrazioa euskalduntzeko epea? Eta bitartean, gaur gertatzen den moduan, euskaldundu eta alfabetatu ditugun administrazioko milaka langile euskaldunen jarduna erdaraz egiten jarraitzen uztea onartu behar al dugu? Dagoeneko euskaldundu direnak ez al ditugu derrigorrez euskaraz lanean jarri behar? Horretaz ezer gutxi zehazten du Hizkuntza Eskakizunen Dekretu berriaren zirriborroak, horretan ere ez baitago adostasunik aipatu lau indar politikoen artean.

Azken hamarkada hauetan Hezkuntzaren bidez euskaldundutako milaka euskal herritar erdaldundu ditugu administrazioan erdara hutsez lan eginaraziz. Asko izan dira urteotan lanpostua eskuratzeko Hizkuntza Eskakizuna eskuratu behar izan duten langileak -ez politikariak- eta, ondoren, lanean inoiz erabili ez dutenez, euskara gaitasuna galdu dutenak. Kontuan izan behar dugu langile horietako askok, lanean ez bada, beste inon ez dutela euskararekin kontakturik, ez familian, ez lagun artean, ez etxean, ez bizitza sozialean... Covid19 pandemiaren eragina izugarri kaltegarria izan da horretan ere. Hori izan da urteotako dinamika ustela, esku batekin irabazten genuena, bestearekin galdu. Horretan jarraitu behar dugu? Noiz arte?

Hizkuntza Eskakizunen Dekretu berriak hutsune asko eta nabarmenak ditu, baina nagusia zalantzarik gabe, langileen eta politikarien euskararen erabilerari dagokiona da. Ez da gauza bera, erdara lan hizkuntza izanik, euskara ere zerbitzu hizkuntza duen administrazioa izatea ala euskara lan hizkuntza izanik, zerbitzua erdaraz ere ematen duen administrazioa. Esan beharrik ez dago gure eredua bigarrena dela, baina horren inguruan ere ez dago adostasunik lau indar politikoen artean…

Hezkuntzan lehen aizkorakada eman digute, baina borroka ez da amaitu. Hezkuntza Legea zertan geratzen den ikusteke dago oraindik. Orain bigarren aizkorakada eman nahi digute, administrazioaren esparruan. Eta hemen ere borroka ez da amaitu. Guk geureari eutsi behar diogu, euskal herritarrok azken KORRIKA ikaragarrian erakutsitako herri gogoari, nahiari..

Legez eta adostasun politiko instituzionalez ezin bada, desobedientzia zibilez ekin behar diogu euskalduntzearen erronkari. Ezin dugu amore eman. Euskal jendartea da ahaldundu behar duguna. Oztopoak eta muga legal zein instituzionalak gaindituko dituen herri tsunami erraldoia da sortu behar duguna, Ipar Euskal Herria eredu. Jon Lopategi “Baltza” bertsolariak ondo esan zuen moduan, “herri libre bat iritsi, nahi badugu bihar etzi, arma benetan ziurrena den euskarari eutsi”.

 

Joseba Alvarez

Euskara teknikaria eta Ezker Abertzaleko kidea