argia.eus
INPRIMATU
Bigantxa-ekitaldien kontra egin dute gorliztarrek
  • Gorlizko Santiago jaietan egin ohi diren bigantxen-ekitaldia mantendu edo ez erabakitzeko galdeketa egin zuten atzo, domekan, udalerriko osoko bilkuren aretoan. Galdeketa ez da loteslea, baina emaitzak kontutan hartuko dituela jakinarazi du Udalak.

Hiruka .eus 2020ko urtarrilaren 27a
Argazkia: hiruka.eus.

Change.org plataforman animalienganako tratu txarrak ekiditeko ia 500 sinadura bildu direla eta, Santiago jaietan bigantxen erabileraren inguruko herri-galdeketa egitea erabaki zuen joan den abenduan Gorlizko Udalak. Hala, galdeketa atzo, urtarrilaren 26an, egin zuten eta udalerrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona denek bozkatzeko aukera izan dute; emaitza ez da loteslea izango, hala ere, Udalak emaitzaren kontrako erabakia hartuko balu horren zergatia arrazoitu egin beharko du. Galdera hurrengoa izan zen: "Bigantxak nahi dituzu Gorlizko jaietan?"; erantzuna bai edo ez izan da, besterik ez.

Denera, 901 lagunek eman zuten euren iritzia, zentsuaren % 20 inguru. Horietatik 689k ezetz bozkatu zuten,  eta 211k, aldiz, baietz. Kontuak hala, jaietan bigantxa-ekitaldiak egitea errefusatu dute gorliztarrek.