Maiatzaren 18an, larunbatez, Zubietako Erraustegiaren aurkako martxa antolatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM). Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik 11:00etan.
Gipuzkoako agintariei Zubietako erraustegia gelditzeko eskatuko diete, eta ez dezatela hondakin gehiago erre, “ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez beste inon”. Donostia Bizirikek, Eguzkik eta Ekologistak Martxanek ere erraustegiko ateetaraino egingo den ibilaldira joateko deia egin dute.
Erraustegia 2020ko abenduan inauguratu zuten eta orduz geroztik EAMk hainbatetan salatu du bere izaera, besteak beste zaborrak erretzea ez delako irtenbiderik hondakinen kudeaketan, baita ingurumena kutsatzen duelako ere.
Erraustegia abian jarri zenetik EAMk kutsaduraren kontrol herritarrari ekin zion eta orduz geroztik hainbatetan egin ditu lagin bilketak Herbehereetako ToxicoWatch fundazioaren bidez. Orain bost urte horietan bildutako datuekin egindako ikerketaren emaitzaren berri emango dute hainbat emanalditan.
Lehenengoa larunbat honetan bertan egingo da Hernanin, eta ToxikoWatcheko ordezkari Abel Arkenbout eta Kirsten Boumanek egindako ikerketaren ondorioak azalduko dituzte 18:00etan Sandiusterri aretoan. Hilaren 27an Usurbilen egingo da aurkezpena. Eta hirugarren bat Gipuzkoako Batzar Nagusietan, bertako Jasangarritasun Batzordeak aho batez onartu ondoren; data, hala ere, finkatu gabe dago oraindik.
2022an Zero Waste Europe-k (ZWE) Espainia, Txekia eta Lituaniako hiru erraustegiri buruz argitaratu zuen ikerketak egiaztatu zuen instalazio horien inguruetan kutsadura maila handia dagoela, eta hori arriskutsua dela ingurumenerako eta gertu bizi diren pertsonen osasunerako.