argia.eus
INPRIMATU
Bielorrusian arma nuklearrak zabaltzeko asmoak tentsioa areagotu du
  • Vladimir Putinek iragarri du prest daudela jada hamar hegazkin armak Bielorrusian zabaltzeko. Europak mehatxu egin dio Bielorrusiari, eta planarekin aurrera jarraitu ezkero "zigor gehiagorekin" erantzungo diola adierazi du.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 27a
Gaur egun Errusia eta AEBak dira arma atomiko \"estrategiko\" gehien dituzten munduko herrialdeak. (Argazkia: EFE agentzia)

Errusiak Bielorrusian arma nuklear taktikoak zabalduko dituela iragarri du Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Akordioa egin dute bi herrialdeek, eta Putinek jakinarazi du jada hamar hegazkin daudela Bielorrusian, arma atomikoak garraiatzeko prest.

Bielorrusia Ukrainaren eta Errusiaren mugakidea da, baita Letonia, Lituania eta Poloniarena ere; azken hirurak NATOko kide dira. Putinen iragarpenaren aurrean, Ukrainak Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ezohiko bilera deitzeko eskatu du. Horrez gain, G7ari eta Europar Batasunari eskatu die Bielorrusiako Gobernuari ohartarazteko "ondorio larriak" jasango dituela, bere herrialdean armak zabalduz gero.

Europar Batasunak erantzun du jada. Josep Borrell Europar Batasuneko atzerri politikako buruak mehatxu egin dio Bielorrusiari; esan du herrialdea garaiz dagoela armen hedatzea saihesteko. Hala egin ezean, adierazi du Europar Batasuna prest dagoela "zigor gehiagorekin" erantzuteko.

Putinek azaldu du "ohikoa" dela beste herrialdeetan armak zabaltzea, AEBek, esaterako, hainbat hamarkadetan egin izan dutela hori. Gaur egun Alemanian, Belgikan, Herbereetan, Italian eta Turkian dituzte armak AEBek.

New Start akordioa kolokan

Putinen adierazpenen aurrean, NATOk salatu du Errusiak New Start akordioa haustearekin armen kontrolerako konpromisoari muzin egin diola. AEBen eta Errusiaren arteko akordio horren arabera, arma atomiko "estrategikoak" zabaltzea eta erabiltzea mugatuta daukate bi herrialdeek, baina Errusiako presidenteak ohartarazi du prest dagoela akordioa indargabetzeko. Gaur egun Errusia eta AEBak dira arma atomiko "estrategiko" gehien dituzten munduko herrialdeak.

Hala ere, Putinek adierazi du Bielorrusian jarriko dituen armekin ez duela bertan behera utziko akordioak dioena. Dirudienez, arma "taktikoak" dira zabalduko dituenak. Arma "taktiko" deitzen zaie neurri txikiko armei, eta "estrategiko" potentzia handiko eta irismen luzekoei.