argia.eus
INPRIMATU
Bidoiekin kateatu dira klima aldaketaren aurkako borrokan “Eusko Jaurlaritzaren ekintza falta” kritikatzeko
  • Asteazken goizean, Bilbon Sukar Horia kolektiboko hainbat ekintzaile bidoiekin kateatu dira Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean Trantsizio ekologikoa orain! leloak kamisetetan idatzita. Ertzaintzak kolektiboko bost kide identifikatu ditu.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko ekainaren 24a
Ekintzaileek bi errei moztu dituzte, auto ilarak eraginez. (Amaia Lekunberri)

Ekimena Sukar Horia kolektibo gazteak hartu du bere gain. Goizeko 10:00ak bueltan errepidearen lau erraietatik bi moztu dituzte Bilboko Diego Lopez Haroko kale nagusian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean. Bi pertsona zementuz betetako bidoi banari lotu zaizkio, eta espaloian, pankartaren atzean batu dira gainontzeko kideak. Bi orduz eutsi diote desobedientzia zibil ekintzari, harik eta suhiltzaileek bidoietara lotutako bi kideak soltatu dituzten arte. Ekintzarekin loturan, bost pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak.

Ekintzaileak kateatuta zeuden bitartean, sare sozialetan komunikatua zabaldu du kolektiboak. "Normaltasun berriak zaharraren antz handia" duela diote. Salatu dute enpresa handi kutsakorrek irabazi handiak dituztela –Espainiako Estatuko enpresarik kutsakorrena den Endesak uztailean bere akziodunen artean 1.500 milioi euroko dibidenduak banatuko dituztela oroitu dute–, eta pandemiaren ondorioz negozioa tarte baterako itxi behar izan duten industriak, hala nola hegazkin konpainiak edo autogintza, erreskateak jasotzen ari direla. Bitartean, langileek "gero eta miseria handiagoa" sufritu behar dutela deitoratu dute: etxegabetzeak abian direla berriro, elikagai bankuak gainezka daudela eta langabezia etengabe hazten ari dela.

"Gainera, aberats eta txiroen arrakala handitzen den aldi berean, gure gizarteak naturarekin duen arrakala ere handitzen doa, etorkizuneko krisi ekologikoak elikatuz. Ez dezagun ahaztu zein urrun sentitzen genuen koronabirusa Txinan lehen kasuak agertu zirenean. Gaur egun krisi klimatikoa sentitzen duguna baino urrunago, agian", diote.

Gogorarazi dute koronabirusa hasieran urrun ikusten zen arren, azkenean heldu dela Euskal Herrira ere, eta gauza bera gertatuko dela krisi klimatikoarekin, "horren aurkako neurri sakonak hartu ezean". Trantsizio ekologiko justua berehala abian jartzeko eskatu dute.

"Trantsizio ekologiko horrek gure gizartea planetaren muga ekologikoen barruan kokatzeaz gain, gure gizarteak dituen arazo sozial handiei ere erantzun behar die. Pobreziari aurre egiteko aberastasunaren banaketa masiboa. Langabeziari aurre egiteko lan orduen murriztapena bultzatu behar da, baita zerbitzu publikoen indartzea ere, zaintzen sistema publikoa eratuz, adibidez. Merkatu globalizatuak dakartzan gerra eta merkatal akordio neokolonialen aurrean, ekonomiaren berlokalizazioaren aldeko apustua eginez, arreta berezia jarriz elikadura burujabetzan".

Norabide aldaketa hori eskatzeko Bilboko Eusko Jaurlaritzaren aurreko errepidearen bi errei moztu dituztela aldarrikatu dute, zementuzko bina bidoitara katetuta. "Krisia dirudun eta kutsatzaileek ordain dezatela" eta trantsizio ekologiko justua behar dela aldarrikatuz amaitu dute, klima aldaketaren aurkako borrokan Eusko Jaurlaritzaren ekintza eza salatzearekin batera.

Amaia Lekunberri.
Amaia Lekunberri.
Amaia Lekunberri.