argia.eus
INPRIMATU
Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere
  • Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko abenduaren 24a
Irekia

EAJk eta PSE-EEk, azkenean, EH Bilduren azken urteotako eskarietako bat bere egin eta konplitu egingo dute: 12 urtetik beherakoentzat doan izango da garraio publikoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Bideragarritasunik gabeko proposamena zela esan zuten aurreko legegintzaldian EAJk eta PSE-EEk.

2022ko urriaren 6ko plenoan, EH Bilduko Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak egin zuen legez besteko proposamena, eta PSE-EEko legebiltzarkide eta egungo Eusko Legebiltzarreko lehen lehendakariorde Susana Corcuerak zera erantzun zion Fernandez de Betoñori: "Guztiontzako kafeak ez du balio [neurria orokorra ez izatea proposatzen zuen, baizik eta erabileraren araberakoa], hori ez baita bidezkoena. 12 urteetan jar dezakezue langa, hezkuntza-ziklo bat orduan amaitzen delako. Edo 16 urteetan, derrigorrezko hezkuntza orduan amaitzen delako. Edo beste edozein langa jar dezakezue (...) Edozein aitzakia jar dezakezue, baina hau ezin da burutazioen feria bat bilakatu".  [Hemen irakur daiteke Fernandez de Betoñoren jatorrizko proposamena eta hitzaldia 23. orrian, eta Corcueraren erantzuna 28. orritik aitzina]

Guztientzako kafea ez zela posible zioen Corcuera legebiltzarkide sozialistak, hain justu ere Espainiako Gobernuak, PSOEk, Renfe tren zerbitzua dohainik ipini zuenean 2022ko irailaren 1etik aurrera, urte eta erdiz.

2022ko urriaren 6ko pleno hartan, EAJk eta PSE-EEk ezezkoa eman zioten EH Bilduren proposamenari, eta ñabardura hauek zituen testua onartutako testuak: garraio publikoaren erabilera sustatu eta bultzatuko da, etxeko ekonomiei lagunduta, eta doakoa izatera heldu ahal izango da 12 urtera arteko erabiltzaileen eta kolektibo kalteberenen kasuan.

Susana García Chueca egungo Mugikortasun sailburuak, PSE-EEkoak, pleno hartan EH Bilduk proposatu zuena aipatu gabe, gogora ekarri du EAJk eta PSE-EEk onarturiko testua, garraio publikoa "sustatu eta bultzatu" nahiaren konpromisoa.

2025ean, 12 urtera artekoek doan

Gaur egunera itzulita, joan berri den abenduaren 23an eginiko batzarrean, EAEko Garraio Agintaritzak erabaki du 6 urtetik 12ra igotzea doakotasun-langa, Imanol Pradales buru duen Eusko Jaurlaritzak hitzeman bezalaxe ikasturte politikoaren hasieran.

Hala egingo da, doan izango dute garraio publikoa 12 urtera arteko haurrek, bai behintzat Garraio Agintaritzaren menpeko garraiobideetan, Euskotrenen –tranbia ere Euskotrenek kudeatzen du– eta Bilboko Metroan. Lurralde bakoitzeko garraio agintaritzek erabaki beharko dituzte beraien ardurapeko zerbitzuetan. Alavabus, Bizkaibus eta Lurraldebusen, besteak beste, ikusteko dago zer egingo duten, baina aurrera egitea espero da.

Gaur egun, 6 urte bete arteko haurrek soilik dute doan garraio publikoa; Gasteizko Tuvisa hiri-autobusa zen salbuespena, bertako udalak hala erabakita, langa 12ra igota baitzegoen.

Garraio Agintaritzak onartu duen doakotasunaz gozatzeko, 6tik 12 urtera arteko adingabeek txartel pertsonalizatua eskuratu beharko dute behin Gabonetako jaiegunak igarotzean. Otsailaz geroztik ipiniko da indarrean neurria.

Gainontzekoek, erdi prezioan

Espainiako Gobernuak bezalaxe, Eusko Jaurlaritzak ere eutsi egingo dio garraio publikoko hobarien bere parteari. Espainiako Estatuak ordaintzen du %30eko deskontua, eta EAEko erakundeek ipintzen dute beste %20a, hala, erdi prezioan geratzeko bidaia –%10 jartzen du Jaurlaritzak eta %10 diputazioek eta udalek–.

2022tik dago indarrean Espainiako Gobernuaren deskontu-politika hau. Renfe tren zerbitzua doan ipini zuten, eta Jaurlaritzak bere burua behartuta ikusi zuen deskontuak aplikatzera, bestela "lehia desleiala" zelakoan. Pedro Sánchezi segika aritu dira jeltzaleak garraio publikoaren eztabaidan, luzamenduetan arituta, eta azken bi urteotan, azaro eta abenduan, EAJ gogoz kontra sumatu da, bereziki iaz.