argia.eus
INPRIMATU
Bideozaintzaren erregulazioa, barne-kudeaketa eta gardentasuna hobetzea eskatu du Arartekoak
  • Arartekoak jakinarazi du EAEko erakundeek betetzen dituztela, oro har, herritarren segurtasunerako bideozaintzako arauzko eskakizunak. Dena den, zenbait gomendio mahaigaineratu ditu bideozaintzaren kudeaketa hobetzeko.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 18a
Kalean ezartzen dituzten bideozaintzarako kamerak

Arartekoari dagokio datu pertsonalak eta intimitatea babestearen arloan herritarren eskubideak bermatzea. Hala, azterlan bat egin du, toki publikoetako bideozaintza-sistema batzuen erabilera ebaluatu eta EAEko erakundeek araudian ezarritako berme-sistema zenbateraino betetzen duten ikusteko. Txostenaren ondorio nagusia izan da administrazioek betetzen dituztela alor horretako eskakizunak, baina zenbait gomendio eman ditu bideozaintzaren erregulazioari, barne kudeaketari eta gardentasunari dagokionez.

Arartekoak azpimarratu du eskumenak dituzten administrazioek “zehatz-mehatz” bete behar dutela herritarren segurtasunerako bideozainntza-araudian aurreikusitako “proportzionaltasun-printzipioa”, eta proposatzen du bideozaintza-baimena eskatu baino lehen, ebaluatu dadila ea neurri horrek intimitate eskubidean eraginik izango duen.

Arartekoak arreta berezia jarri du gailu mugikorren erabileran: besteak beste, polizia-uniformeetan jartzen diren kameretan, dronetan edo makuluetan. Gomendatu du kamera mugikor hauek erabiltzeko eskaeretan beharrezkoa dela erabilera emango zaien “epe zehatzak” adieraztea, kasuan-kasuko arriskura doituta. Era berean, Eusko Jaurlaritzari “bideozaintza-sistema finko nahiz mugikorrak erabiltzeko baimenak argitaratzea” iradoki dio, eta adierazi du garrantzitsua dela bideozaintza-grabaketak kudeatzeko “barruko protokoloak” ezartzea, ez baitago erregulaziorik grabaketak gordetzeko gutxieneko epeei buruz.

Kalean kamerak jartzen direnean, berriz, beharrezkoa da herritarrei kartelen bidez horretaz ohartaraztea. Arartekoaren azterlanaren arabera, administrazioek normalean betetzen dute arau hori, baina gailu mugikorrak erabiltzen direnean ere herritarrei jakinarazi behar zaiela azaldu du Arartekoak. Txostenaren arabera, Ertzaintzak 2.037 kamera finko ditu, eta 2022an, 134 aldiz erabili zituen gailu mugikorrak.