argia.eus
INPRIMATU
Bideozaintzan eta poliziaren datu-kudeaketan ardurak eduki ditu EAEko datuen babeserako ordezkari berriak
  • Eusko Jaurlaritzak Arantza Sanabria izendatu du EAEko Administrazio Publikoko Datuak Babesteko ordezkari. Estatus berezia izango du lanpostuak, Irekia webgunean irakurtzen denez: legegintzaldi arrunta baino luzeagoa izango da haren agintaldia, sei urtekoa; eta beste hainbeste urtez luzatzeko aukera izango du.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 30
Bideozaintza eta Askatasunen batzordean aritu da Sanabria orain arte (argazkia: EITB).

Sanabriak Zuzenbide Publikoaren alorrean daukan esperientzia nabarmendu du Jaurlaritzak izendapena iragartzeko publikatutako informazioan. Era berean, haren ibilbideari buruzko xehetasunak argitaratu ditu, tartean, gaur egun Bideozaintza eta Askatasun Batzordeko eta Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroko Kontseilu Aholku-emaileko idazkaria dela.

Arantza Sanabria (argazkia: Irekia).

Bigarren zentro hori 2016an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, “polizia-zerbitzuek beren zereginak betetzeko behar dituzten datuak” biltzeko eta prozesatzeko. Zentroa Jaurlaritzako Segurtasun Sailari lotuta dago eta Sanabriak parte hartu duen kontseilu aholku-emailean Ertzaintzako kideak, udaltzaingokoak, informatikariak eta “oinarrizko eskubideen arloko” adituak biltzen dira.

Besteak beste, EAEko indar polizialen informazio-sistemen integrazioa aztertu izan du batzorde horrek, herri bakoitzeko udaltzaingoak eta Ertzaintzak datuak elkartrukatzea errazteko.

Sanabriak izango dituen eginkizun berrien artean, EAEko erakundeen informazio-sistemak koordinatzea dago. Horretarako, beste hiru pertsonako lan-taldea izango du.