argia.eus
INPRIMATU
Euskal bideojokoei buruzko jardunaldia antolatu dute Game Erauntsiak eta Azkue Fundazioak Bilbon
  • Game Erauntsia elkarteak eta Azkue Fundazioak hitzarmena sinatu dute euskaratik eta euskaraz egiten den bertako bideojokogintza kultura indartzeko. Hitzarmen honekin bertako kultura eta industria bultzatu nahi dute.

Uriola.eus @uriolaeus 2018ko apirilaren 04a
Iurdana Acasuso (Azkue Fundazioa) eta Urtzi Odriozola (Game Erauntsia), hitzarmena aurkezten.

Game Erauntsia elkarteko presidente Urtzi Odriozolak eta Azkue Fundazioko zuzendari Iurdana Acasusok aurkeztu dute hitzarmena San Inazioko Euskararen Etxean.

Hitzarmenaren helburua bertako kultura eta industria bultzatzea da, euskararen abiapuntutik eta euskaraz egiten den bertako bideojokogintza kultura indartzeko. Bi erakundeetako ordezkariek azpimarratu dute elkarlana urteetan zehar iraunkorra izateko lanean jardungo dutela. Elkarlan horretatik abiatzen da Jokoteknia, euskarazko bideojokoen lehen jardunaldia antolatzea.

Bideojokoei buruzko jardunaldiak euskaraz

Jokoteknia, Bilbon lehen aldiz euskara hutsean egingo den bideojokoei buruzko jardunaldia izango da. Jardunaldi honen helburua, bertako industriaren eta jokozaleen diagnostiko bat egiteaz gain, hemengo bideojoko garatzaile eta jokalarien joerak ikusi, hausnartu eta elkar ezagutzea izango da.

Horretarako, Jokoteknia jardunaldian euskal bideojokogintza industriako adituak, ikasleak eta jokalariak batera jarriko dituzte, egun dauden proiektu interesgarriak ezagutu ahal izateko, industriaren diagnostiko bat egin eta etorkizunerako ildoak zeintzuk diren argitzen saiatzeko asmoarekin. Bide batez, euskarazko ekoizpenaren inguruko gaur egungo diagnosia eta prospektiba egiten ere saiatuko dira.

Bideojokoen munduko arlo ezberdinetako jendeak elkar ezagutzeko aukera eskainiko dute, ideia berriak hartu eta sinergia berriak sortzeko. Jokotekniako lehenengo edizioa, 2018ko maiatzaren 12an egingo dute, Azkuna Zentroko Bastida aretoan.

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.