argia.eus
INPRIMATU
Bouba Diouf: “Elkartasunaren indarra behar dugu, inor atzean ez uzteko”
  • Migratzaileek pandemia garaian bizi dituzten zailtasunez, paperik ez izateak duen eraginaz eta zaurgarrienak jomugan dituen lege eta politikez aritu da Bouba Diouf: “Giza eskubideek denaren gainetik egon beharko lukete”. Bilboko kale saltzaile senegaldarren Mbolo Moye Doole elkarteko kidea da bera, baita INOR EZ DA ILEGALA proiektuaren parte ere. Bideoaz gain, solasaldia podcast formatuan ere entzun dezakezue lotura honetan.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 07a

Bouba Dioufek kontatu digu kale saltzaileentzat oso gogorra izaten ari dela pandemia garaia. Lanik eta paperik gabe, migratzaile askok etxebizitza mantentzeko zailtasunak ditu, adibidez. “Okerren daudenei laguntzeko sortu genuen erresistentzia-kutxa eta orain diru kopuru gutxiago sartzen da, baina uste dugu zerbait konpontzen ari garela”; premia handia duten familiak ari dira laguntzen.

Pandemia baliatu da, besteak beste, migratzaileak eta jende arrazializatua kriminalizatzeko. “Beti ahulenak kriminalizatzen dira, baita pandemian ere. Egunero ikusten ditugu udaltzainak beltzengana jotzen, paretaren aurka jartzeko”. Bere lagun bati gertaturikoa azaldu digu: nola eskatu zizkioten paperak eta nola jo zioten, paperak ateratzeko denbora eman aurretik.

Bigarren mailako herritarrak? “Inolaz ere ez”

Bigarren mailako herritarrak sentitzen zarete? galdetu dio Mikel Garcia Idiakez kazetariak. “Inolaz ere, gu zuek bezalakoak gara, duintasun askorekin, baina egia da instituzionalki ez garela existitzen eta baztertuta sentitzen garela. Hemen bizi gara eta hemengoak gara, baina instituzioek gauza asko eskatzen digute, une oro hori frogatu beharra”.

Paperak denontzat aldarrikatzeko aprobetxatu dute osasun krisia: “Zarata handia atera dugu, baina politikoki ez da ezer mugitu. Areago, tramiteak asko luzatzen ari dira pandemiagatik. Nik zazpi hilabete eman ditut zain; otsailean hasi nituen tramiteak eta irailean lortu nuen txartela, pentsa”. Eta paperak izatea funtsezkoa da, horiek gabe “ez zarelako existitzen, ezin duzu ezer egin hemen. Legez kanpo jokatzea baino ez zaizu geratzen, inork nahi ez dituen lan gogorrenak egitea”.

Paperak denontzat aldarrikatzeko aprobetxatu dute osasun krisia: “Zarata handia atera dugu, baina politikoki ez da ezer mugitu. Areago, tramiteak asko luzatzen ari dira pandemiagatik”

Eta hala ere, jendeak prest jarraitzen du patera hartu eta bizia arriskuan jartzeko. “Oso tristea da, baina Europako ametsa bizirik dago oraindik”. Migrazio politika aldatu behar dela argi du Dioufek, beste bide bat urratu behar dutela politikariek, jendeari migrazioa errazteko, bestela bide oso arriskutsuak izango direlako alternatiba bakarra, eta “giza eskubideek denaren gainetik egon beharko lukete”.

Pandemia honetatik zer ikasi beharko genukeen ere galdetu dio kazetariak: “Elkartasunaren indarra behar dugu, inor ez dadin atzean geratu. Erresistentzia kutxa da horren adibide, baita Inor Ez Da Ilegala proiektua ere, dirua helburu horretara bideratu baita”.