argia.eus
INPRIMATU
Bideo kamerak ez erabiltzea eskatu diote Espainiako Gobernuari, horiek erregulatuko dituen lege bat egon arte
  • Akademiko, profesional eta aktibista talde batek Espainiako Gobernuari gutun baten bidez helarazi diote aurpegia ezagutarazteko tresnak eta bideo kamerak  horiek erregulatuko dituen legea onartu arte geldiarazteko eskaera.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 25a

Eskaera teknika horien zabalkunde garaian heldu da; izan ere, bideo kamerak eremu publiko zein pribatuetan erabiltzen dira gaur egun. Gutunaren sinatzaileen aburuz ezinbestekoa da Espainiako Gobernuak teknologia hau erregulatzea zabaltzen jarraitu aurretik. Aurpegia ezagutarazteko tresnak herritarren eskubideetara moldatzen ez badira,  bideo kameren joerak zabaltzen jarraitzen badu legea egokitu beharko da jada ezagunak diren praktiketara.

Maldita tecnologíak aditzera eman duenez, pertsonen bizitzaren eremu pribatuan baimenik gabe “sartzea” leporatzen dute gutunaren sinatzaileek. Praktika horrek “gizarte-justizia, giza duintasuna, zuzentasuna, berdintasuna eta inklusioa”, zalantzan jartzen dituela salatu dute. “Badaude arrazoi teknikoak zein etikoak, batzorde bat sortzea justifikatzen dutenak”, adierazi dute gutunean. Komisio independente baten sorrera proposatzen dute, zientzialari, jurista, etikan eta adimen artifizialean adituek eta gizarte zibileko kideek osatutakoa.

Giza eskubideak

Gutunaren sinatzaileen ustez, gizakion aurpegia ezagutzeko erabiltzen diren teknologiek arazoak dakartzate giza eskubideen arloan. Estereotipoen indartzea azpimarratzen dute, pertsona bat kolektibo batera lotzea bere ezaugarri fisikoen arabera.

Gainera, zenbait akats ere eragin izan ditu aurpegia ezagutzeko teknologiak. Adimen artifiziala entrenatzeko moduak zerikusi handia baitu emango dituen emaitzetan. Gizon zurien edo argi-baldintza berariazkoen argazki asko dituen adimen artifiziala ez da hain zehatza izango pertsona beltzentzat edo argi-baldintza desberdinak dituztenentzat.