Ahotsa.info hedabideko kazetari Iñigo Orduñari mozal legea aplikatu eta zigorra jarri nahi diote Iruñean Gazte Komunisten ekimen baten berri emateagatik. Berak, ordea, agenteari leporatu dio berariaz egiari bizkar ematea eta ikerketa eskatu du, aztertzeko ea poliziak eginiko agiri ofizialean okerreko informaziorik dagoen. Froga gisa aurkeztu dute kazetariaren eta agentearen arteko elkarrizketaren audio osoa.
Gazte Komunistak taldeak espekulazioaren aurkako protesta ekintza egin zuen Iruñeko higiezinen agentzia batean, 2021eko ekainean. Bertaratu ziren udaltzainek Ahotsako kameralaria atxiki eta identifikatu zuten, baita mehatxatu ere agenteen irudiak argitaratuz gero Mozal Legea oinarri hartuta zigortuko zutela, Orduñak salatu duenez.
Ez ziren kikildu eta ekimenaren irudiak argitaratu zituen Ahotsak. Horren ondorioz, beren aurkako isunaren jakinarazpena jaso zuten.
Iruñeko Udaltzaingoko 734 agenteak eginiko gertakarien kontakizuna ez dator bat, ordea, errealitatearekin, Ahotsak salatu duenez. Udaltzainak salaketan jaso zuen kazetariari esan ziotela irudiak ez argitaratzeko sare sozialetan eta honek ondorengoa erantzun ziela, hitzez hitz: "Ez zait ezer gertatuko, eta zuen lege espainiarrekin ipurdia garbitzen dut". Orduñak erabat ukatu du halakorik esan izana. Horrez gain, salaketan, 734 agenteak oharretan adierazi zuenez, gertakaria indarkeria eta mehatxu testuinguru batean jazo zen eta kazetariak aurpegia estaltzeko jantzi bat erabili zuen.
Ahotsa.infok zabaldutako irudietan garbi ikusten da protesta baketsua izan zela eta ez zela inolako indarkeriarik erabili agenteen aurka. Orduñak, gainera argitu du ez zuela aurpegia estaltzeko inolako jantzirik, baizik eta derrigor eraman beharreko musukoa zeramala. Kazetariak uste du agenteak berariaz jaso zuela salaketan informazio faltsua, epailea beren aurka jartzen saiatzeko.
"Ahotsa.info-ko kamerariak gertakariak grabatu besterik ez zuen egin, kazetaritza-lanaren parte gisa, eta polizia-agenteekin lankidetzan identifikatu zuen bere burua. Inoiz ere ez zien poliziei salaketan jaso duten moduan hitz egin, eta hori egiazta daiteke Urduñak grabatu egin zuelako 734 agentearekin izandako elkarrizketaren audioa", jakinarazi du Ahotsak.
Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Arloan alegazioa aurkeztu du Ahotsak. Iñigo Urduñak erabat ukatu ditu egozten dizkioten salaketak eta ziurtatu du ez dela egia agenteen intimitatearen aurkako atentatua egin duenik edo arriskuan jarri dituenik. Froga gisa bideoa aurkeztu du, non agentearekin izaniko elkarrizketa osoa dagoen grabatuta eta bertan ez duen esaten badakiela ez zaiola ezer gertatutako eta ipurdia garbituko duela beren lege espainiarrekin.
Urduñak salatu du agenteak badakiela gezurra esan duela, egiari huts egiten ari dela.
Agenteak, ordea, salaketa berretsi zuen Ahotsa.info-ko kazetariaren lehen alegazioen ondoren. Orain, Iñigo Urduñak ikerketa abiarazteko eskatu dio Iruñeko Udalari, udaltzainek agiri publikoak faltsutu dituzten ala ez argitzeko. Hori frogatuko balitz, 3 eta 6 urte arteko espetxe-zigorrarekin tipifikatutako delitua litzateke, 6 eta 24 hilabete arteko isuna eta 2 eta 6 urte arteko inhabilitazio bereziarekin batera. Bere aurka jarritako zigorra indarrik gabe uzteko ere eskatu du.