Video Assistant Referee (Bideo-epaile laguntzailea) ostegunean jokatuko den Amorebieta-Athletic lagunarteko partiduan erabiliko dute lehen aldiz.
Espainiako Futbol Federazioko kideak joan den astean bildu ziren Amorebieta Kirol Elkarteko buruekin ostegunean VAR-arekin proba egin zezaketen galdetzeko. Izan ere, abuztuan hasiko den 2018-2019 denboraldian Espainiako Ligan erabiliko dute. Amorebieta K.E.k jakinarazi duenez, albistea jaso zutenetik ETB eta Mediapro enpresak era koordinatuan VAR-aren funtzionamendurako beharrezkoak diren ezaugarri teknikoak garatu dituzte.
ETBk partiduetara eramaten dituen bi kamera eramango ditu eta Mediaprok bigarren unitate bat eramango du, laugarren arbitroaren ondoan egoten diren monitoreak jartzeko.
Epailea lehenengo mailakoa izango da eta, Munduko Txapelketan bezala, dudak dauzkan jokaldietan begiratzeko gai izango da.