argia.eus
INPRIMATU
Biden ‘erredentorea’

Jon Otermin Benito @jonmaya10 2021eko otsailaren 03a

Deabrua badoa. Argi diote sona handiko egunkari, telebista eta irrati gehienek. Bigarrenez, sekulako estaldura egin zuten Mendebaldeko komunikabide boteretsuenek Donald Trump ehorzteko, honakoan garaipena lortuz. Beraz, lau urte ekaiztsuen buruan, ilegorriak Etxe Zuria utziko du.

Ez naiz ni Trumpen irudia zurituko duena, ultraeskuindar xenofoboa baita. Hala ere, argi daukat ez dela aurreko lehendakariak baino okerragoa izan. Esparru askotan, bederen. Gauzak horrela, badirudi Ernesto Guevararen haragitzea iritsi dela munduko besaulki ahaltsuenera, iritzi publikoaz fidatuko bagina. Baina Joe Biden ez da, inondik inora, albistegietan agertu nahi duten “buruzagi iraultzaile” hori.

Hasteko esan Trumpek 2016ko hauteskundeak irabazi eta berehala berpiztu zela Hirugarren Mundu Gerraren mamua, batik bat Ipar Korearekin izandako tirabirak zirela eta. Aitzitik, Jimmy Carterren agurraz geroztik (1980) gudarik piztu ez duen presidente bakarra izan da, Bolivia eta Venezuelako estatu-kolpe saiakerak salbu. Gaur egun Estatu Batuek beste motako injerentziak eramaten dituzte aurrera. Kamuflatuagoak.

"Barack Obamaren lehen mandatuan, non Bidenek lehendakariorde lanak egin zituen, Estatu Batuen historian egondako deportazio kopuru handiena jazo zen"

Bidenen curriculumean, aldiz, pasarte oso eztabaidagarriak aurki daitezke. Bere gerrazalekeriari buruzko deus entzun ez badugu ere, Yugoslavia (1999) eta Irak (2002) bonbardatzearen alde bozkatu zuen. Nahiz eta suntsipen handiko armarik ez aurkitu, bere bulkada belizistak ez ziren bertan behera geratu eta 2011ean Libiaren kontrako erasoa babestu zuen, herrialdea kaosean murgilduz. Gainera, bere burua konplexurik gabeko sionistatzat aitortu du behin baino gehiagotan. Egia esan, Palestinako sarraskia iraunaraztea AEBetako presidente izatera iristeko nahitaezko baldintzatzat hartu daiteke.

Bestetik, Biden “bedeinkatuak” arazo anitz izan ditu korronte feministekin. 1981ean, senataria zela, abortua legez kanpo uzten saiatu zen, bere jarrerari 2019ra arte eutsiz. Alderdi Demokrataren baitan horren ideia atzerakoia publikoki defendatzen zuen bakarra zela ikusi ostean, egunetik egunera diskurtsoa aldatu zuen. Aipatzekoak dira bere ibilbidean zehar jaso dituen salaketak. 1993an Tara Readek, 90ko hamarkadan izandako laguntzaileak, sexu erasoa leporatu zion. Are gehiago, lehendakarigai aurkeztu zenean, beste zazpi emakumek aurreko urteetan jasandako jazarpena salatu zuten. Susmopean egon da betidanik, botereak emandako immunitatea baliatuz.

Deigarria da oso arrazismoaren kontua. Izan ere, Trumpen agintaldian indarra hartu duen mugimenduetako bat Black lives matter da. Batek esango luke deserritze masiboak izan direla. Ordea, Barack Obamaren lehen mandatuan, non Bidenek lehendakariorde lanak egin zituen, Estatu Batuen historian egondako deportazio kopuru handiena jazo zen. Ez dut uste bere agindupean poliziek beltzak erailtzeari utziko diotenik.

Belizistak, matxistak eta arrazistak dira, biak ala biak. Itxurek ez gaitzatela itsutu.