argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Aldundiaren ardurapeko zentro batean tratu txarrak jaso izana salatu dute indarkeria matxistaren hainbat biktimak
  • Indarkeria matxistaren hamarnaka biktimak Gipuzkoako Aldundiaren agindupeko harrera zentroan egon bitartean jasandako zabartasun tratuak eta eskubideen urratzeak salatu dituzte Arartekoari bidalitako idatzi batean.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 08a

Donostiako Mugimendu Feministak egin du publiko astelehenean tratu txarrak jasan dituzten emakumeen salaketa, Donostiako Emakumeen Etxean egindako prentsaurrekoan. Bozeramaileek esandakoaren arabera, Arartekoari zuzenduriko idatziaren atzean dauden emakumeak hamar bat badira ere, eskubideen urratzeak azken lau urteetan Bidelan zentroan artatuak izan diren zehaztugabeko biktima kopuru bati eragin dio.

Bidelan Gipuzkoako Aldundiak bere lurraldean indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeei eta hauen seme-alabei aterpea emateko daukan bi baliabideetako bat da, Ekintza Sozialerako Ikerketa eta Sustapenerako Fundazioak kudeatzen duena. Iragan apirilaren 24an Maite Peña foru diputatuak Batzar Nagusietako komisio batean zentroaren egoerari buruz hitz egin zuen, onartuaz bere sailean honi buruzko kexak jaso izan dituztela. Peñak zentroa espazio eta azpiegitura gabeziengatik “erreta” zegoela onartu zuen, eskaintzen duten arreta hobetzeko plaza eta espazio gehiagoko kokapen berri batean lanean dabiltzala aipatuz.

Mugimendu Feministak, bere aldetik, azpimarratu du idatzia egin duten emakumeak kaltetu dituena ez dela izan zentroaren espazio falta edo “erre” egoera, baizik eta eskubideen etengabeko urraketa. Urraketa horien artean identifikatu dituzte, besteak beste, zenbait langileren partetik jasandako tratu zabarra, zentroaren osasungaiztasuna eta utzikeria, edota egoera txarrean zeuden elikagaiak eman izana. “Guzti honek eragin du indarkeria egoeratik berreskuratu ordez gure kasuetan atzera-egite larriak ematea, osasunari dagokionez maila integraleko kalteak eraginez”.  Bozeramaile feministek gehitu dutenaren arabera, Arartekoari kexak helarazi dizkioten emakumeek eragindako kalteengatik erreparazioa eta kalteen-ordainketa eskatzen dituzte, baita Bidelan zentroa berehala ixtea, bertako langile taldearen berregituraketa, honen gestore aldaketa eta Aldundiko pertsonal teknikoaren aldetik ikuskapena ere.

Bidelan zentroa utzi behar izan duten eta oraindik jasandako indarkeria matxistatik berreskuratzeko fasean dauden emakumeentzat “laguntza alternatiboa” eskatuz amaitu du Mugimendu Feministak.