argia.eus
INPRIMATU
Bidelagun fundazioa sortu du ELAk lan istripuak murrizteko
  • Espezializazioa eta berrikuntza juridikoan oinarrituko da fundazioa eta horiek tresna izango dira 'enpresentzat garestiagoa izan daitezen istripuak edo gaixotasunak prebentzio neurriak baino'. Hego Euskal Herriko enpresetan urtean 40.000 istripu gertatzen dira eta helburua da horiek murriztea.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 23a
Argazkia: Aiaraldea.eus

Amaia Aierbe ELAko Zerbitzu Juridikoen arduradunak eta David Pena Bidelaguneko abokatuak prentsaurrekoan azaldu dutenez, urtean 50 pertsona baino gehiago hiltzen dira lan istripuetan Hego Euskal Herrian; gainera, heriotza horietako bakoitzeko beste 35 heriotza gertatzen dira gaixotasun profesionalen ondorioz: "Kopuru hori onartezina da, eta ez du behar besteko alarma sortzen enpresa munduan. Argi dago enpresak prebentzioaz arduratzen hasiko direla istripuak prebentzio neurri horiek baino garestiagoak zaizkienean”. Fundazioak Durangon izango du egoitza nagusia, Hego Euskal Herriko kasuei heltzeko.

ELAk azaltzen duenez, Bidelagun Fundazioa sortu da ELAk egiaztatu duelako lan osasuneko espezializazioak ahalbideratu duela, berrikuntzaren eta bide berrien bidez, bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidearen defentsa are eraginkorragoa izatea. Horren adibide gisa jarri du pandemiako kautelazko neurrien eskaera; silizearen eta amiantoaren aurkako "arrakasta juridikoak"; edota enpresek arriskuak sortzen dituztenean, istripua eta gaixotasuna gertatu ez izanagatik ere, "lortutako prebentziozko kalte ordainak".

David Penaren esanetan, "prebentzioan beste koska bat gehiago egitea lortu dugu, istripua gertatu aurretik zigorrak lortu ditugulako, eta horrek aukera ematen digu disuasiozko kalte ordainak eskatzeko, enpresek serio har dezaten langileen osasuna”.?? Lan osasunean lan eskerga dagoela dio ELAk: "Hego Euskal Herrian, urtero, 40.000 pertsonak baja hartzen dute lan istripuengatik, eta milaka pertsonak arazo psikosozialak dituzte. Arlo horretan konpromiso sendoa hartuko dugu".

Hainbat kasutan izandako arrakasta ere gogora ekarri du sindikatuak, hala nola Mármoles Aztiria, Patricio Echeverria, Sidenor, Fagor Ederlan-Tafalla eta Sunsundeguin, non kalte ordain handiak lortu dituzten hildako langileen senideentzat. Nahi duenak, albisteari buruzko informazio gehiago topatuko du ARGIAko Eragileen Plazan!