Oraindik hamar urte geratzen dira kontratua amaitzeko, eta, beraz, Kontuen Ganberaren kalkuluen arabera, Nafarroak 1.200 milioitik gora ordain lezake, obren kostua halako hiru.
Hiru dira itzalpeko ordainsaria sistemaren bidez ordaintzen ari diren nafar azpiegiturak: Bideko autobidea, Pirinioko Autobidea eta Nafarroako Ubideko zona ureztagarriak. UPNren gobernuek azpiegiturak kudeatzeko erabilitako sistema da itzalpeko ordainsaria, administrazio publikoaren eta enpresen arteko kolaborazio mota bat da, epe luzekoa. Enpresak azpiegitura eraiki, finantzatu eta kudeatzen du. Administrazio publikoak, bere aldetik, erabiltzaileen araberako ordainsaria pagatu behar du kontzesio-epea amaitu arte. Orduan, azpiegitura administrazioaren esku geldituko da. Oraindik, baina, 2039 urtea arte itxaron beharko da.
Bitarte horretan, erruz gainditu dute azpiegituren kostuaren balioa Nafarroako Gobernuak egindako ordainketek. Bideko Autobia da kasurik adierazgarriena. Gobernuak eta Autovía del Camino sozietateak 2002an sinatu zuten akordioa, 30 urterako. 390 milioi euroko kostua izan zuen, eta 2021eko abenduaren 31 arte, gobernuak 604 milioi ordaindu ditu Bideko Autobidearen ordainsariagatik. Ia bikoitza. Oraindik hamar urte gehiago geratzen dira emakidan, eta, beraz, Kontuen Ganberaren kalkuluen arabera, Nafarroak 1.200 milioitik gora ordain lezake azkenean, obren kostua halako hiru. 2017tik sozietatearen jabe den Galvantula S.L.U. enpresak kontzesioaren baldintzak aldatzeko eskatu dio gobernuari, Covid-19aren pandemiak sorturiko kalteak argudiatuta. Justizia Epaitegi Gorenera heldu da auzia. Momentuz, epairik ez dago.
Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriaren kasuan ere balio izan zuena ordaindu du dagoeneko gobernuak. Lehen fasean 170 milioi gastatu ziren, eta hori bera ordaindu du Nafarroak. Nafarroako Ubideko zona ureztagarrien lehen fasea eraiki eta kudeatzeko kontratua 2006an sinatu zen. Zona Regable del Canal de Navarra sozietateari eman zitzaion. Akziodunak Impact Navarra S.L.U. eta Sociedad General de Aguas de Barcelona S.A. dira, bakoitzak %50. Zona ureztagarriak 15 eremu ditu. Hasierako aurreikuspena zen 23.610 hektarea ureztatzea. Kontzesioa 30 urterako sinatu zen.
Berriena Pirinioko Autobidearen kontratua da, 2009koa. 271 milioi euroko kostua izan zuen azpiegiturak, eta 160 ordaindu ditu itzalpean gobernuak. Autovía del Pirineo S.A.U. enpresa 2012an hasi zen errepidea kudeatzen. Sozietatearen akziodunetan aldaketak izan dira. 2020ko urtarriletik akziodun bakarra dago: Iridiun Hermes Roads S.L. sozietatea.
Autobidearen luzerari buruzko auzia izan zen. Kontratuaren arabera, 46,097 kilometro ditu. Eraiki gutxixeago egin zen: 45,421 kilometro. Epaitegi Gorenak enpresaren alde egin zuen, pleguek esandakoa kontuan hartu behar zela argudiatuta. Horren ondorioz, Nafarroako Gobernuak 400.000 bat euro ordaindu dio enpresari, kontratuaren hasieratik kobratu beharreko gehigarriagatik. Epaiak kontratua amaitu arteko eragina izanen du.
Kasu honetan ere, enpresak kontratuaren baldintzak berrikusteko eskatu zuen, pandemiaren kalteak argudiatuta. Nafarroako Gobernuak ez zuen onartu. Enpresak epaitegietara eraman zuen auzia. Nafarroako Justizia Epaitegi Gorenak ez du helegitea onartu, kontratuaren oreka ez dela hautsi argudiatuta, iraupena 30 urtekoa baita.
Kontuen Ganberak itzalpeko ordainsaria sistemaren bidez eginiko azpiegituren egoera aztertu du. Eta hor bildu dituzte datuak. Parlamentuak egin zuen txostenaren eskaera, Geroa Bai taldeak bultzatuta. Kontuen Ganberak kontratuen egoera, haren gaineko kontrola eta azpiegiturek zor mailan eta etorkizuneko aurrekontuetan duten eragina aztertu ditu.
Kontratu mota honen zailtasun teknikoaz ohartarazi du ganberak, eta azaldu du horregatik gobernuak beste batzuen esku utzi behar izaten duela dena. “Kontratua hain luzeak izateak epe oso luzeko azterketak eskatzen ditu. Horren ondorioz, aurreikusten zailak diren kontuak gertatzen dira. Hortik dator finantza-oreka berriro egiteko beharra”, adierazi du ganberak.
Horrelako kontratuak egin aurretik, administrazioak bideragarritasun planak egin ditzala gomendatu dio ganberak: “Txosten horietan, noski, azpiegitura publikoak finantzatzeko alternatibak aztertu behar ditu. Beti ere, erabakiak justifikazio argia behar du. Halaber, finantza plan argiak eskaintzen ditu, Administrazioak berak aztertzeko modukoak. Helburua, beti ere, lan horiek Administrazioak berak egitea da, kanpora atera behar izan gabe”.
Kontratuak sinatu aurretik defizit eta zor kontuetan izanen duten eragina aztertzea eskatzen dio, halaber. “Izan ere, horretan arrazoitu da itzalpeko ordainsariaren erabilpena: ordaindu beharrekoa ez zela zortzat hartzen. Eta egia da horixe gertatzen dela Bideko Autobidearekin eta Nafarroako Ubidearekin. Pirinioko Autobidean eta Ubideko lehen fasean gastaturikoa, ordea, zortzat hartzen da”.
Txostenak beste gomendio bat luzatu dio Gobernuari: autobideak kudeatzen dituzten sozietateetako ordezkariak izenda ditzala, kontratu horien kontu finantzarioak hobeki kontrolatzeko. Izan ere, kontratuan izendapena aurreikusia badago ere, Gobernuak ez du 2014tik ordezkaririk izendatu.