argia.eus
INPRIMATU
Bidegi auziko kereiletako bat artxibatu du epaileak behin behinean
  • Zortzi urteren ondoren, Bidegi auzia osatzen duten piezetako bat, Gipuzkoako Aldundiak bere garaian jarritako azken kereila, artxibatu egin du Azpeitiko auzitegiko magistratuak. Bere esanetan kereilaren txostena "akatsez betea dago". EH Bilduren ustez "itxiera faltsua" eman nahi zaio gaiari.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko irailaren 06a
AP1 autobideko obren ordainketetan ustezko iruzur salaketa izandu oinarri Bidegi auziak. Argazkia: Gipuzkoako Aldundia

AP1 autobideko obren ordainketetan 2009 eta 2011 artean egindako ustezko irregulartasunengatik hainbat kereila jarri zituen Gipuzkoako Aldundiak 2015ean, Bilduren eskuetan zenean.

Zortzi urteren ondoren, Bidegi auzia izenez ezagutzen denaren kereiletako bat artxibatu egin du kasua daraman Azpeitiko lehen instrukzioko epaitegiak. El Diario Vasco egunkariari filtratu diote abuztuaren 25eko data daraman magistratuaren autoa.

AP1 autobidearen Arlaban-Eskoriatza zatiko 40,7 milioi euroko likidazioa ontzat ematen du epaileak, ez duelako delitu "zantzurik" aurkitu, eta kereila jartzeko Ingeotyc ingeniaritzaren hasierako txostena "akatsez beteta" dagoela dio, egunkari horren arabera.

2016an Aldundiak berriz ere eskuz aldatu eta jadanik EAJ eta PSE-EE agintean zirenean, beste txosten bat aurkeztu zuen, kereila "omisio eta akatsez" beteta eta iruzur salaketa “errealitatetik oso urrun” zegoela esaten.

AP1 autobidearen Arlaban-Eskoriatza zatiko 40,7 milioi euroko likidazioa ontzat ematen du epaileak, ez duelako delitu "zantzurik" aurkitu

AP1eko ordainketetan izandako irregulartasun susmoak Arabako Aldundiak ere izan zituen, obren zati bat lurralde horretan egin baitzen, baina Gipuzkoako Aldundiak hartu zuen auzitara jotzeko iniziatiba, akusazio partikular moduan –besteak beste erabilitako hormigoiaren neurketak puztuta zeudela zioen–.

Kereilak tramitera onartu zituen Azpeitiko auzitegiak eta hainbat lagun inputatu zituen, tartean Bidegiko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti –Eneko Goia Garraio diputatu ohiak ere epaitegian deklaratu zuen, baina lekuko bezala–. Ondoren, Gipuzkoako Aldundiak, eskuz aldatuta, kontrako norabidea hartu zuen eta EH Bilduko hainbat karguk jarraitu dute geroztik auzitan herri akusazio gisa.

Artxibatzea behin behinekoa da eta helegitea jarri diezaioke oraindik herri akusazioak. Auziko beste kereilen inguruan, berriz, ez dago berririk oraingoz.

EH Bildu: "Auzia faltsuan itxi nahi da"

EH Bilduk ohar bidez azaldu du kereila hori artxibatzea  "faltsuan ixtea" dela eta "herritarrari egia jakiteko eta berme guztiak dituen prozesu bat edukitzeko eskubidea kentzea" dela.

Era berean, kereilak "oinarri sendoak" dituela azaldu du eta salatu du auzitegiak beste txosten perizial independente bat egiteari uko egin diola.

Mendoza: "Politikan denak ez du balio"

Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu nagusiak, bere aldetik, prentsaurrean hitz egin  du. Zuhurtzia azaldu nahi izan du, ebazpena behin behinekoa delako, baina Gipuzkoako erakundeen "funtzionamendu onaren eta zuzentasunaren" seinale dela esan du.

"Politikan denak ez du balio, eta are gutxiago pertsonen ohorearen eta erakundeen sinesgarritasunaren aurka zuzenean jardutea, datu okerretan eta funtsik gabeko interpretazioetan oinarrituta", nabarmendu du Gipuzkoako mandatariak.