argia.eus
INPRIMATU
Bidegi auziko iruzur salaketa “errealitatetik oso urrun”, Gipuzkoako Aldundiarentzat
  • Arlabango tunelean ustez egondako desfaseei buruzko kereila berraztertu du eta “manipulazio” eta “akatsez” beteta dagoela dio orain EAJren esku dagoen gobernuak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2016ko urtarrilaren 22a

Gipuzkoako iruzur kasu larriena izan litekeen Bidegi auzian iniziatiba Gipuzkoako Aldundiak hartu du beste behin, baina kasu honetan bere aurreko gobernuak egindako salaketa deskalifikatzeko.

AP-1eko Arlaban-Eskoriatza zatian EH Bilduren exekutiboak bidegabeko ordainketengatik jarritako kereilari buruzko txosten baten ondorioak aurkeztu ditu Aintzane Oiarbide bide Azpiegituretako diputatuak. Honen arabera, “ustekabekoak ez diren akatsak” ditu salaketak eta 17 milioi euroko ustezko iruzurretik 8,3 milioi “bakarrik saiatzen dira justifikatzen”.

Oinarrizko akatsa behin-behineko eta behin-betiko ordainketak nahastean dagoela dio Bide Azpiegitura sailak. Ustez bi aldiz ordaindu ziren Arabako obren zatian, adibidez, 2009ko ordainketa behin behinekoa ei zen eta 2011koa azken likidazioa. Bien arteko diferentzia 10 milioi eurokoa da. Arabako Aldundiak, ordea, jakinarazi zuen denbora tarte horretan ez zela inolako obrarik egin bere zatian.

Txostenak akats gehiago atzeman dituela dio Aldundiak, batzuk “intentzio osoz manipulatuta”. Arlabango tunelean 144 luizi egon arren kereilak 20 baino ez dituela jasotzen dio Oiarbidek eta halakoek azken likidazioan eragin handia dutela. Kereilan eginiko neurketak “errealitatetik oso urrun” daude diputatuaren ustez.

Berraztertze txostena Aldundiko bi teknikarik eta ingeniari pribatu batek sinatu dute eta kasua daraman Azpeitiko epaitegiaren esku utzi du Aldundiak. Baina paradoxikoki, ez du salaketa erretiratu eta foru erakundeak jarraitzen du akusazio partikular moduan.

EH Bildu: “Dena espero bezala”

EH Bilduren gobernuak bi kereila kriminal aurkeztu zituen AP-1 autobideko obrei lotuak, guztira 30 milioi euroko zuloa salatuz: orain aztertu duten Arlabango tunelari dakiona bata (17,1 milioi euro), eta Arrasate-Eskoriatza zatiari dagokiona bestea (13,6 milioi euro). Bigarren honi buruzko beste txosten bat ari dira egiten Aldundiko langileak baina “hilabete batzuk” eramango die horrek.

EH Bilduk ohar bidez azaldu duenez, aurreikusita zuen oraingo Aldundiak “kontrainformeak” aurkeztea –Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaile ohiak “dena espero bezala” gertatzen ari dela idatzi du Naiz.eus-ek argitaraturiko iritzian–. Nolanahi ere, koalizio abertzaleko Gipuzkoako batzarkide Iban Asenjok garbi du kereilak “oinarri juridiko sendoa” duela eta horren erakusle da epaileak dokumentazioa ontzat hartu eta hainbat lagun inputatu izana.

Besteak beste Markel Olano diputatu nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak igaro behar dute epaitegitik Bidegi auzia dela eta lekuko gisa deklaratzeko.

Aldundiak “ustezko irregulartasunak estali eta egia oztopatu nahi duela” uste du EH Bilduk, eta Batzar Nagusietan ikerketa batzordea martxan jartzeko eskatu du beste behin. 2015ko azaroan Podemos eta EH Bilduk ikerketa batzordea osatzeko egindako eskaria atzera bota zuten EAJ, PSEk eta PPk.