argia.eus
INPRIMATU
Bidegi auziarengatik bigarren kereila aurkeztu du jarduneko Gipuzkoako Aldundiak
  • Jarduneko Gipuzkoako Foru Aldundiak astelehenean aurkeztu du Bidegi auziarengatik bigarren kereila Azpeitiko auzitegian.

ARGIA @argia 2015eko ekainaren 02a
Eskoriatza-Arlaban zatiko obretan izandako ustezko irregulartasunengatik jarri du kereila jarduneko Aldundiak (argazkia: Goiena).

AP-1 errepideko obretako Eskoriatza-Arlaban zatiko 17,1 milioi euro ustez modu bidegabean erabili zirela-eta egin du salaketa erakundeak.

Bertan Bidegiko zenbait arduradun inputatzea eskatzen da, baita Arlaban aldi baterako enpresa-elkarteko eta obra zuzendu zuen Euroestudios ingeniaritza-etxeko kideak ere.

Eraikuntza enpresei ustez ordaindu zitzaizkien 17,1 milioietatik 10 Arabako zatian egin gabeko lanei egokituko litzaizkieke, zehazki Gipuzkoa Arabarekin lotzen duen Isuskitzako tunelekoak.

30 milioi guztira

Inputazio horiek eskatzeaz gain, jarduneko Aldundiak eskatu du lekuko gisa deklaratu dezatela EAJko Markel Olanok eta Eneko Goiak Gipuzkoako ahaldun nagusi eta Donostiako alkate berriek, baita Foru Aldundiko kargudun izandako Luis Mari Apraizek eta Felix Urkolak ere.

Bigarren kereila honekin 30,7 milioi euroko kopurua osatzen dute Bilduk gobernatutako Foru Aldundiak jarritako salaketek. Kopuru hori da ustez Bidegik eraikuntza-enpresei AP-1eko lanengatik ordaindutakoa.