argia.eus
INPRIMATU
Bidegi auzian fiskala ez da agertu epaitegira
  • AP1eko autobidearen obretan egondako ustezko irregulartasunengatik epaile aurrean deklaratu dute beste behin inputatuek. Fiskaltzak ez agertzea erabaki du.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko ekainaren 19a

Bidegiko zuzendari tekniko izandako Agustin Zugasti, obretako zuzendari ohi Joan Marche eta Ivan Fernandez de Landa ingeniaritza enpresako ordezkaria, Azpeitiko epaitegian izan ziren asteazkenean, Gipuzkoako Aldundiak Bidegi auzian jarritako kereilaren barruan inputatu gisa deklaratzen.

Gara egunkariak papereko edizioan azaldu duenez, martxoan egindako gisa bereko azkeneko saioan ez bezala, oraingoan Fiskaltzak erabaki du epaitegira ez agertzea. Fiskalaren jarrera aldaketa, hain justu, Gipuzkoako Aldundiaren kolore aldaketaren bezperan dator.

Enpresa eraikitzaileen “eskaerak gora”

Inputatuen defentsak ere estrategia aldatu du, Garako kazetariaren arabera. Hala, Diputazioaren aginduz kanpo ingeniaritza batek egindako peritu-lana “deskalifikatzen” saiatu ei da eta baliteke beste peritu-lan bat aurkeztea.

Ingeniaritza horrek ustezko irregulartasun larriak eta faltsutzeak aurkitu zituen Arrasate-Eskoriatza zatiko obretan, tuneletan erabilitako hormigoian esaterako. Ondorioz, likidatutako diru kopurua obra zuzendaritzak ezarritako muga baino askoz gehiago izan zen.

Galdeketan, Gararen esanetan, inputatuek iradokitzen dute badaudela auzian ageri ez diren elkarrizketak eta dokumentazioa, eta likidatutako diru kopurua handiagoa izan zela “enpresa eraikitzaileen eskaerek gora egin zutelako”.

Informazio gehiago:

Bidegi auziaren inguruko albisteak eta informazio guztia hemen aurkituko duzu.