EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak agindu du txosten perizial independente bat egitea, frogatzeko azpiegitura horretan iruzurrik egin ote zen edo ez.
Bidegi auzia oraindik luzerako izango dela dirudi. Azpeitiko epaitegiak irailean auzia artxibatzerakoan, Eider Mendoza (EAJ) Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak hitz gogorrak erabili zituen EH Bilduren aurka: frogatutzat eman zuen deliturik ez zela izan AP1 autobideko obretan, eta motibazio "politiko" batek eragindako kereilak izan zirela salatu zuen: "Politikan denak ez du balio". Orain, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, zeharka bada ere, ezbaian jarri ditu ahaldun nagusiaren hitz horiek.
Gipuzkoako Aldundiak ez du iragarpen ofizialik egin oraingoan, El Diario Vasco egunkariak filtratu du auzitegiaren erabakia: Bidegi auzia-ren bi kereiletako bat, Eskoriatza-Arlaban zatian izandako ustezko iruzurrarena –hormigoia eta bestelako materialak puzteagatik eraikuntza enpresekin 17 milioi euroko iruzurra egon zela dio kereilak– berriz ireki du.
Azpeitiko epailearen erabakia zalantzan
Zehazki, auzitegi horrek baliogabe utzi du Azpeitiko epailearen iraileko erabakia, eta aparteko azterketa bat egiteko eskatzen dio, txosten perizial independente bat gehienez ere 80.000 euroko aurrekontuarekin, ez dadin ikerketa "gehiegi luzatu".
Auzitegiak zalantzan jarri du Azpeitiko epailearen jardunbidea, eta esan du ez ziela behar bezala erantzun zabaldu ziren diligentziei
Gainera, auzitegiak zalantzan jarri du Azpeitiko epailearen jardunbidea, eta esan du ez ziela behar bezala erantzun zabaldu ziren diligentziei. Izan ere, Azpeitiko epailearen esanetan, hasierako kereila "akatsez eta kontraesanez" beteta zegoen eta ez zegoen nahikoa informaziorik.
Auzia ixterakoan, EH Bilduk jadanik nabarmendu zuen "behin behineko" erabaki bat zela eta bidea oraindik amaitu gabe zegoela. Akusazio partikularra EH Bilduko hainbat batzarkide ohiek osatzen dute, eta berak ere eskatu du txosten independente bat.
Orain, Diputazioa bera da exijitu duena "ahalik eta independentzia eta gaitasun handiena" txostenean, eta ziurtzat jo du perituen txosten berri horrek egiaztatuko duela "hamarkada batez luzatu den prozeduraren izaera politikoa".
EH Bilduren
Lehen kereilak bide bera?
Otsail honetan Bidegi auzia-ko beste kereilari, 2015ean jarritako lehenengoari buruzko deliberamendua eman du Azpeitiko epaileak, eta hau ere behin-behinean ixteko agindu du. Baina hemen ere arrazoi bera eman du hala egiteko eta EH Bilduk berriz irekitzea eskatu du helegite baten bidez. Ikusteke dago Gipuzkoako Auzitegiak berdin jokatuko duen.
Kasu honetan, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arrasate zatian 2009 eta 2011 artean diru publikoarekin eraikuntza enpresei behar zena baino 13 milioi euro gehiago ordaintzea egozten diote garai hartako Gipuzkoako Aldundiari.