argia.eus
INPRIMATU
Bidegabeki jabetzeagatik epaituko dituzte Mario Fernandez eta Mikel Cabieces
  • Bilboko Instrukzio Epaitegiko laugarren aretoak ahozko epaiketa agindu du Kutxabankeko presidente ohi Mario Fernandez eta Espainiako Gobernuko ordezkari ohi Mikel Cabiecesentzat; bidegabeki jabetzea egozten die. Instrukzio fasean, Kutxabankek Cabiecesi modu irregularrean 243.592 euro ordaindu izanaren zantzuak antzeman ditu epaitegiak. Ordainketa horiek 2012ko martxoa eta 2014ko azaroa bitartean egin ziren.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 09a
Mario Fernandezek ez zituen aintzat hartu entitatearen prozedura arauak. (Arg: Eldiario)

Espainiako Gobernuko ordezkari ohiak, ustez, zenbait lan egin zituen Rafael Alcortak zuzenduriko abokatu enpresa bitartekari zuela. Rafael Alcorta ere inputatu dute. Epaileak dio “ez zirela kontratazio berri baterako baldintzak betetzen”. “Jasotako diru kopurua eta eginiko lanaren balioa ez datoz bat”, gaineratu du.

Administrazio desleiala egitea, dokumentuak faltsutzea eta bidegabeki jabetzea egozten zaie inputatuei. Instrukzio Epaitegiaren ebazpenak dio Mikel Cabieces lan merkatuan sartzea zela helburua. Bere lana barrura begirako jardueretara mugatzen zen.

Instrukzio epaileak azaldu du Mario Fernandezek delegatu ohiari “aldizkako ordainketak” egitea agindu zuela garai hartan, “entitatean martxan zegoen prozedura araua kontuan izan gabe”. Gainera, ez dute kontratuzko dokumenturik aurkitu eta horrek, “zerbitzu emateen kontrola galarazten du”, adierazi du epaitegiak.

Kontratazioa, estatu politika

Auziaren harira, kasua publiko egin zenean, Mario Fernandezek adierazi zuen PPko buruzagi batek eskatu ziola Cabiecesi lanpostu bat ematea. Kutxabankeko presidente ohiaren arabera, “terrorismoaren aurkako borrokan lehen lerroan izan direnei laguntzea 30 urtez gobernu eta alderdi guztiek errespetatu duten lege bat da, idatzita ez dagoena”. Kontratatzeko erabakia “estatu politika” gisa etiketatu du Fernandezek.