argia.eus
INPRIMATU
Bidegabekeriaren aurrean ez dela isilduko nabarmendu du Sarek bere hamargarren urteurrenean
  • Plataforma herritarrak gaur egun arte lortutakoaren balioa nabarmendu du, eta adierazi du gizarteak “bultzada bat” eman behar duela “oraindik erbestean eta deportazioan daudenak” etxeratzeko. Etorkizuneko belaunaldiei gizarte hobeago bat uzteko garrantzia nabarmendu dute.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 24a
Sarek 10. urteurrena ospatu du Donostiako Zuloaga plazan. Argazkia: SARE

Sare plataformaren hamargarren urteurren ekitaldia Bego Atxa eta Joseba Azkarraga herritar sarearen bozeramaileek aurkeztu dute Donostiako Zuloaga plazan, 2014. urtean ekimena aurkeztu zuten leku berean. Sarek hamar urtetan egin duen bidea eta lortutakoaren balioa nabarmendu dute. “34 urte luze iraun duten urruntze politikek eragindako eskubide urraketari” bukaera eman izana azpimarratu dute eta bidegabekerien aurrean ez direla isilduko agindu.

“Bakeaz eta elkarbizitzaz hitz egiteko garaia” eta “zuzenbidearen eta giza eskubideen garaia” dela azpimarratu du Sarek. Azkarragak adierazi du urte hauetan jende askok euskal presoen egoera asmo politiko hutsez aprobetxatu duela: “Esan genezake krispazio eta blokeo egoeren arrazoi nagusietako bat izan dela, batetik, jada desagertua den indarkeriaren aipamena erabiltzea aldarrikapen politiko partidistetan eta, bestetik, biktimen oinazea asmo politiko partidistarekin baliatzea”. Bozeramaileak “konponbiderako giltzak” dinamika aipatu du, iazko urriaren 21ean Gernikan publiko egin zuten dokumentua, politika-arloko, esparru judizialeko, kultura-arloko eta indarkeria jasan duten pertsonek idatzitakoa. Bertan, euskal presoek “noiz eta nola itzuli behar duten etxera” zehaztea euskal gizartearen esku egon behar duela aldarrikatzen da.

Sarek oraindik lana egiteko dagoela adierazi du, eta beharrezkoa dela “bultzada bat ematea oraindik erbestean eta deportazioan daudenei”. Senitartekoek eta lagunek presoak ikusteko egiten zituzten bidaia luzeez ez ahaztea, presoen eskubideez kezkatzea, Euskal Herrian gertatu diren indarkeria guztien biktimen eskubideez kezkatzea eta arduratzea “hein berean”, eta etorkizuneko belaunaldiei gizarte hobeago bat uzteko erantzukizuna eskatu dute. “Euskal presoen eskubideak urratzen dituzten salbuespenei” amaiera emateko garaia dela adierazi dute. Batez ere, biktimen eta presoen eskubideak bete daitezen, “egia, justizia eta erreparazioa”-ren beharra nabarmendu dute Sareko kideek.

 

“Esan genezake krispazio eta blokeo egoeren arrazoi nagusietako bat izan dela, batetik, jada desagertua den indarkeriaren aipamena erabiltzea aldarrikapen politiko partidistetan eta, bestetik, biktimen oinazea asmo politiko partidistarekin baliatzea"
Joseba Azkarraga

 

Gizartearen erantzunaren garrantzia

2014. urtetik hona euskal gizarteak izan duen garrantzia eta eman duen erantzuna eskertu du Sarek. Gizarteak ahalbidetzen du “helburuak lortzea”, Atxaren esanetan, “dinamizatzeko eta ekimenak proposatzeko lana” eginez. Bidegabekerien aurrean, Sareren indarra euskal gizartearen zati handi batek ematen dion babesa dela azpimarratu du. “Beste etapa batean gaude: motzagoa izango da, ziur, eta oztopoak izango ditu, baina prest gaude horiei aurre egiteko”, adierazi du plataformako kideak.

Sareri eskerrak eman dizkiote herri plataforma eta sindikatu askok –hala nola, LAB, ELA, Steilas edota Esk– azken hamar urteetan egindako lanagatik eta presoen eskubideak errespetatzearen alde izandako konpromisoagatik. Sarek bideo batean jaso ditu sorreratik gaur egun arte egindako ekimenen eta lorpen garrantzitsuenen laburpen bat.