“Bidegabekaria hutsa da Xeyko langileoi egin digutena”

  • Xey enpresako 170 langileetako bi dira Diego Bracamonte eta Mikel Etxabe. Itxiera nola bizi duten kontatu digute, ostiralean (uztailak 21) Zumaian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Diego Bracamonte eta Mikel Etxabe, Xeyko atarian. Argazkia: Gorka Zabaleta
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko uztailaren 21an - 09:18
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Enpresako ate guztiak itxita dauden arren, langileak oraindik ere lantokiaren atarian biltzen dira. Autoen sarrera oztopatu dute barrikada batekin, eta zaintza lanak egiteko txandak antolatu dituzte, “lantokia hustu ez dezaten”. “Badakigu hor barruan dauden baliozko makina eta lehengaietatik guk ez dugula ezer aterako”, aitortu du Diego Bracamontek; “hau saltzen den egunean diru guztia banketxeentzat izango den arren, lantokia egunen batean irekiko den esperantza ez dugu galdu nahi; baina hori baino gehiago, elkarrekin jarraitzeko modu bat da”.

Xeyko langile beteranoetakoa da Bracamonte. 1985ean sartu zen enpresan, eta gaur arte. 59 urte dauzka, eta garbi du etorkizuna: “Hemen bukatu da nire lan bizitza. Amorrua ematen dit horrela amaitu behar izateak, baina niretzat bukatu da; min handiagoa ematen dit, ordea, enpresako gazteengatik. Haiei ibilbide profesional osoa ukatu diete, berez etorkizuna zeukan enpresa izan arren”.

Gazte horietako bat da Mikel Etxabe. Lanbide heziketa amaitu eta lanean hasi zen, 17 urte zituela, Zumaiako aroztegi batean. “Orduan izan nuen lehen harremana Xeyrekin eta enpresan lanean hasteko aukera izan nuen”. Baina lehen aldi hura bukatu zen eta bederatzi urte egin zituen Azpeitian lanean, iaz berriro Xeytik deitu zioten arte. “Lan asko zegoela eta ea lanera joango nintzen proposatu zidaten. Nik ordurako entzuna nuen arazoak zeudela ordainketekin, baina Xeyko arduradunek esan zidaten lasai egoteko, kreditua lortu zutela eta lana bazegoela. Eta halaxe hasi nintzen berriro”. Eta lana egon, ba omen zegoen. “Hasi eta berehala ordu estrak sartzen hasi ginen, egunean bi ordu eta erdi”. Otsailean kontratu mugagabea egin zioten, baina martxoan hasi ziren kontuak aldrebesten. Eta orain kalean ikusten du bere burua. “Langileon egoera oso larria da, hori esan beharra dago. Aurrekoan bat baino gehiago negarrez ikusi genuen. Pentsa, askori 11 paga zor dizkiete. Gazte asko gaude etxea ordaintzen ari garenak, seme-alabak dauzkagu, hilero gastu finko handiak, errukirik gabe iristen direnak... Honi aurre egitea ez da batera erraza”, dio Etxabek; “langileak hondoratuta gaude”, aitortu du Bracamontek, korapiloa eztarrian. “Bidegabekeria hutsa da langileoi egin digutena”.

“Engainatu egin gaituzte”

Xeyko zuzendaritzak enpresa ixtea erabaki du, 30 milioiko zorrari aurre egiteko gaitasunik ez daukala arrazoituta. Une honetan, itxiera txostena noiz argitaratu zain daude langileak. Uztailaren 28rako egon ote daitekeen esan diete, baina luzatu egingo dela uste dute; ez dira fio. “Engainatu egin gaituzte, behin eta berriro; hau guztia ondo landutako estrategia bat izan da, eta helburua garbi zuten, enpresa hustu eta ixtea”, dio Bracamontek, minduta. Eta jarraitu du: “2009tik 2012ra, krisiaren erdian, enpresako lau milioi euro banatu zituzten jabeen artean; hurrengo urtean, 2013an, Susperregik hartu zuen gidaritza eta zuzendaritza talde berria ekarri zuen, Juan Fano buru. Eta orduan eskatu ziguten langileoi esfortzu bat egiteko, laguntzeko soldata estrekin, enpresak likidezia arazoak zituela. Langileok laguntzea erabaki genuen”.

2011n eta 2012an oso lan gutxi zegoela onartzen dute bi langileek, baina azken urteotan egoera erabat irauli omen da: “Lan asko ari ginen egiten, bezeroen zerrenda hazi egin zen, eta fakturazioak gora egin du urtetik urtera. Iaz 24,5 milioi fakturatu ziren, eta aurten, martxoan, 9 milioi euro zeuden fakturatuta. Fanok berak orduan aitortuta, urte 30 milioitik gora amaitzeko bidean ginen”.

Lana lepo, baina martxoan hasi ziren soldaten ordainketak atzeratzen. “Beti gezurretan ibili zaizkigu. Kapitala handitzeko bidean zeudela, likidezia arazoak konpontzeko moduan zeudela... Konturatzerako enpresa itxi egin dute”. Langileen susmoa da enpresako zuzendaritzak iruzur egin diela. “Epaileak izendatutako administraria iritsi zenean harri eta zur gelditu zen enpresako kontu guztiak zeron aurkitu zituenean. Enpresa hustu egin dute, dirua eraman egin dute”. Victoriano Susperregi akziodun nagusia ikusten dute honen guztiaren arduradun nagusi. “Dagoeneko 74 urte dauzka eta pentsatuko zuen bazela poltsikoak bete eta alde egiteko garaia”, salatu dute Bracamontek eta Etxabek.

Zorrak inguruko enpresatan

Enpresako 170 langileak eta haien familiak dira lehen kaltetuak, baina Xeyren itxiera kolpe gogorra izango da hornitzaile izan diren inguruko enpresa txiki askorentzat. Hala nabarmendu du Etxabek: “Guk ikusi ditugu 200.000 euroko, 100.000 euroko zorrak, Zumaiako, Zarauzko edo Azpeitiko enpresekin; horientzat sekulako kolpea da. Badakigu baten batek etxebizitza hipotekatu behar izan duela aurrera egiteko”.

Haserre daude, baita ere, Eusko Jaurlaritzaren “utzikeriarekin”. Enpresaren akzioen %30aren jabe da Jaurlaritza, “baina ez enpresaren inolako jarraipenik egin. Eta hori oso larria da”, dio Bracamontek, “hemen diru publikoarekin, guztion diruarekin, egon direlako batzuk jolasten”. Jaurlaritzarekin egin berri duten bileran garbi adierazi omen ziete enpresa likidaziora doala. “Jaurlaritzak agertu du jarraitzeko borondatea, baina bakarrik ezin du”, osatu du.

Gaur egun bizi duten egoera lehenbailehen amaitzea nahi dute, Fogasatik diru sarreraren bat jasotzeko. Baina bitartean ez dute etsiko. Bihar Zumaian deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute, “hau berriro gerta ez dadin. Enpresa hau aurrera zihoan eta nahita itxi dute. Horrelakorik gertatzen den azken aldia izan dadin, manifestazioan gurekin bat egiteko eskatzen dizuegu”.

Elkarrizketa hau Zumaiako Baleikek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
2024-07-05 | Gedar
Astean sei eguneko lanaldia ezarri du Greziako Gobernuak

Egunean hamahiru orduz lan egitea ere legeztatuko dute 'Georgiadis Legea' delakoaren bidez, kaleratzeak eta "eskariaren araberako enpleguak" errazteaz gain. Langileek ezingo diote uko egin asteko seigarren lanegunari.


LABek soldatak igotzea eta zerbitzu publikoak indartzea eskatu dio Jaurlaritza berriari

Aurreko gobernuak proposamen horiei “bizkar emanda” eta “entzungor” eginda jardun duela salatu du. Eusko Jaurlaritzak iragarritako bilera erroldatan “eskari zehatzak” mahaigaineratuko dituela adierazi du.


Bilbobuseko langileak lanera itzuli dira ia 80 eguneko greba amaituta

Asteazkenean egindako bilkuran, aurreakordioak aldeko 332 boto, kontrako 186, hiru boto zuri eta sei baliogabe jaso ditu. Maiatzeko aurreakordioan izandako desadostasunak gainditu dituzte enpresa-batzordearen gehiengoak eta Biobide enpresak, eta greba mugagabea bukatu dute.


Bilbobuseko greba amaitzeko aurreakordioa bozkatuko dute asteazkenean, 80 eguneko grebaren ostean

Enpresa-batzordearen gehiengoaren eta Biobideren artean aurreakordioa lortu dute. CCOO, UGT eta LSB alde azaldu dira, eta ELA, LAB eta ESK, kontra. Asteazkenean dira langileen batzarra eta Bilboko Udala akordio hau onartzen duten ala ez erabakitzekoak.


Protesta egin dute Cementos Rezolako langileek, eta akordiorik ezean, greba mugagabea hasiko dute ostiralean

ELA eta LAB sindikatuek “erabat gaitzetsi” dute Añorgako Cementos Rezolak (egun, Heidelberg Materials) 56 langile kaleratzeko egindako proposamena.


Nafarroako ikastoletako eta itunpeko ikastetxeetako langileek negoziatzen hasteko eskatu diote gobernuari

Nafarroako hezkuntza hitzarmen berria negoziatzea exijitu die Nafarroako Hezkuntza kontseilariari, Carlos Gimenori, Iruñean eginiko mobilizazioan. Langileek salatu dute Gimeno, patronalarekin bakarrik biltzen dela, eta ez dituela aintzat hartzen langileek negoziaziorako... [+]


Emakumeek baserria defendatu zutenekoa

1958an, emakume baserritarrek Donostiako Erdialdea hartu zuten, esnea saltzea galarazi zitzaiela salatu, eta baserritarren eskubideak aldarrikatzeko. Administrazioak esnearen esklusibotasuna Gurelesa enpresari eman zion, eta baserritarrek Bretxan saltzeari utzi behar izan... [+]


Osakidetzaren irtenbide bakarra lanaldia luzatzea dela kritikatu dute ELA, LAB eta CCOOk

Langileen plantilla egokia osatu beharrean, Osakidetzako profesionalei aparteko orduen bitartez ordaintzea gaitzetsi dute sindikatuek. Azken urteetan errepikatu diren arazoen aurrean zuzendaritzak izandako plangintzarik eza salatu dute.


Sinadura greban dauden ‘El Diario Vasco’-ko langileek grebara joko dute orain, soldata igoera eskatzeko

Ekainaren 19an, 20an eta 21ean greba dago deituta El Diario Vasco-ko langileen artean, hitzarmen kolektiboa eguneratzeko aurrerapausorik ez delako eman. Gainera, maiatzaren 30az geroztik sinadura greba egiten ari dira kazetariak: “Hori ezkutatzeko enpresak lehentasuna... [+]


Errenteriako Iztieta osasun zentroko “egoera prekarioa” salatu du ELAk

Hemezortzi mediku beharrean hamabi daude eta sei erizainek hamabiren lana egiten dute. “Lan gainkarga eta agenda neurrigabea handitu” egin dira, sindikatuak ohartarazi duenez, eta murrizketa gehiago etor daitezke etorkizunean.


Murrizketak egingo dituzte udan Osakidetzaren lehen mailako arretako zentroen herenean

Hamar zentrok uda osoan itxiko dute eta 72 zentrok ixteko ordua aurreratuko dute. Sindikatuek salatu dute langileen lan karga "handituko" dela.

 

Nahiz eta trantsizio ekologikorik ez bideratu, Next Generation EU funtsak jasotzen dabiltza Euskal Herriko enpresa transnazional boteretsuenak

ELA sindikatuak galdeturik, OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak osatu du 69 orriko Europar Batasuna: Agenda oliba-berdea eta digitala enpresa transnazionalen zerbitzura. Next Generation EU funtsek Hego Euskal Herrian duten inpaktuaren azterketa (2020-2024) txosten... [+]


Eguneraketa berriak daude