argia.eus
INPRIMATU
Bidean diren migratzaileen egoera are jasangaitzago bilakatu dute hotzak eta elurrak
  • Europako mugetan harrapatuta, kanpalekuetan baldintza penagarrietan pilatuta edota han-hemenka ahal duten moduan bizirauten, milaka dira neguko eguraldi latzari aurre egin behar dioten migratzaileak. Horren lekuko, Moriako kanpalekuko uholdeek utzi duten panorama edota Bosnia eta Kroazia artean bizi duten egoera tamalgarria. Heriotzera kondenatu dituztela salatu du hainbatek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko urtarrilaren 12a
Reutersen argazkian, Bosniako mugan harrapatuta dauden migratzaileak.

Europaren ateetan, milaka lagun baldintzarik negargarrienetan bizi direla ohartarazi dute aktibistek, adabakiak bata bestearen atzetik jarri ordez migrazio segurua bermatzea lehentasunezko zeregina dela.

Baina horren ordez, gero eta beteagoak dauden kanpalekuak ikusten ditugu: Greziako Lesbos uhartean, Moriako kanpalekua erre zen iaz eta Moria2 sortu zuten; “kontzentrazio-esparru batetik bestera” egin zuten errefuxiatuek, euren hitzetan. Egun hauetan, euri-jasek agerian utzi dituzte kanpalekuaren baldintza lazgarriak (ikusi beheko argazkia). Urak dena hartu duen honetan, errealitate etsigarria deskribatu du Parwana Amiri aktibistak, handik bertatik: “Euriak hondoratutako karpen azpian bizi gara; hondakin-uren artean mugitzen gara, inongo higienerik gabe; manta bustiekin egiten dugu lo, hotzak”.

Bosnia eta Kroaziaren muga artean harrapatuta dauden asilo eskatzaileen egoera Nazio Batuen erakundeak berak salatu du: Lipako kanpalekua erre ostean, milaka errefuxiatuk aterpe duinik gabe egiten diote aurre tenperatura izoztuei eta elurrari. Ane Irazabal kazetaria ari da eguneroko kronika egiten.

 

 

 

Moria2, urak guztiz hartuta.

 

 

 

 

 

 

Bosnia eta Kroazia arteko mugan, tenperatura izoztuei aurre egiten. Argazkia: @AneIrazabal