argia.eus
INPRIMATU
Bideak eta tontorrak

Hainbat mendizale nafar 2020ko irailaren 28a

Bidea, bizitzaren metafora… eta tontorra, helburuarena… Zenbat poema ederren sorburu izan diren bi hitz horiek. Machadok “caminante no hay camino, se hace camino al andar” (“ibiltari, ez dago biderik, ibiliaz egiten da bidea”) zioen, eta Mario Benedettik, bere “No te salves” (Ez zaitez salbatu) poeman, “no te quedes inmóvil al borde del camino” (“ez zaitez geldi geratu bide ertzean), bi adibide besterik ez ematearren. Izan ere, literaturan, bereziki poesia ugaritan, bidea bizitzaren abentura da, gizakien eraikuntza bat, tontorrera eramaten gaituena, denok desio eta merezi dugun zorion grina asebeteko duen helburu horretara alegia. Mendia pasioz maite dugunok bideetan ematen ditugu bizitzako unerik ederrenak, hantxe dira gure amets eta ilusio handienak, baita gure nahigabe handienak ere. Nahi beste bide daude nahi beste tontorretara joateko, non, azkenean, aire garbia, bakez, askatasunez eta pozez beteriko airea arnasten baitugu, egindako ahaleginaren ordain paregabea jasoz.

"Mendizaleok bakera eramanen gaituen bidearen parte izan nahi dugu. Zerbait badakigu bideez, maiz suertatu zaigulako bide berriak urratzea inork zapaldu gabeko parajetan. Badakigu bakera eta bizikidetzara daraman bidea harkaitz gogorrean ireki behar dela"

Lerro hauek idaztera deliberatu gara, Sare Herritarraren “Izan Bidea” dinamikak interpelatuta sentitu garelako. Ez gara bereziki adituak politika kontuetan, ez behintzat alderdien arteko lehian, guztiz legitimoa bada ere, jakina. Baina kezka dugu bizi garen gizartearen bizikidetzaren osasunaz eta kalitate demokratikoaz. Eta memoria dugu. Badakigu modu egokian ixten ez den gatazka bat berriz ireki daitekeela eta zauriak berriz agertu. Gure ustez, gizarte osoak behin betiko normalizatuta ikusi nahi duen gatazkarekin lotutako berrehun bat pertsona kartzelan jarraitzea ez da soilik anomalia bat. Hasteko, bidegabea da, haietako askok libre egon beharko luketelako edo libre izatetik gertu, indarreko legeak aplikatuz gero birgizarteratzeko asmoarekin eta Zuzenbide Estatu batean lehentasuna izan behar duen printzipioarekin bat: giza eskubideen babesa. Legearen aplikazioa bihurritzea, jakinik oinarrizko eskubideak urratzen ari direla, honela baizik ez daiteke ulertu: gutxi batzuen nahia da, gizartearen gehiengoak bideratuta ikusi nahiko lukeen gatazka bat irekita mantentzeko. Eta bidegabeaz gain, zeharo gizagabea da, sufrimendu handia eragiten dielako pertsona horiei eta haien senide eta gertukoei, heriotza ere bai batzuetan, azken egunetan berriz gertatu den bezala. Sufrimendu hori ekidin daiteke ordea, arrazoia eta legea erabiliz. Ahal dela, biak ordena horretan erabiliz.

Idatzi hau sinatzen dugun mendizaleok bakera eramanen gaituen bidearen parte izan nahi dugu. Zerbait badakigu bideez, maiz suertatu zaigulako bide berriak urratzea inork zapaldu gabeko parajetan. Badakigu bakera eta bizikidetzara daraman bidea harkaitz gogorrean ireki behar dela, pazientziaz eta irmotasunez. Baina ireki daiteke. Bai horixe. Tontor baten helburua begi bistan dugun bakoitzean bertara eramango gaituen bide bat ireki daiteke. Jakina, zenbat eta esku gehiago bidea irekitzeko, orduan eta errazagoa eta azkarragoa izango da tontorrerainoko bidaia. Hortaz, herritar guztiei helarazi nahi diegu deia, auzolan handi honetan parte har dezaten, gure herrira etorkizun baketsua eta bizikidetza osasuntsua ekarriko dituen bidearen eraikuntzan. Mendian eta bizitzan denborak axola handia du. Eta berandu gabiltza. Ibilera bizitu beharra dago. Urriaren 3an hitzordu garrantzitsua dugu gure herriko 650 tontorretan. Zatoz gurekin!

 

* Artikulu hau hurrengo mendizale nafarrek sinatu dute:

Koldo Aldaz

Juan Mari Feliu

Gurutze Azkona

José Luis Lizarraga

Mikel Goldarazena