argia.eus
INPRIMATU
Bideak aztergai Nabarraldek hilaren 22rako antolatu duen simposiumean
  • Nabarralde Fundazioa urriaren 6tik 22ra egiten ari da Ondarea, Paisaia eta Globalizazioaren VIII. Sinposioa, Zeharkatzen gaituzte bideak izenburupean. Nafarroako hainbat tokitan ari dira gaiari buruzko hitzaldiak, bisita gidatuak edo irteerak egiten.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 13a
Erromatarren galtzada, Ziraukin (Nafarroa).

Fundazioak bere webgunean azaltzen duenez, “egitarauaren helburua da gure kulturan bideek izan zuten eta gaur egun duten esanahiari balioa ematea, zentzurik zabalenean, gaiaren inguruan hausnarketa eta eztabaida piztuz. Ondare-balioa herritarrengana hurbiltzea eta hura ezagutu eta sentiaraztea”.

Antzinako bideak lantzeko asmoa dute, besteak beste herrialdea bere garaiko bi galtzada erromatar nagusien bidegurutzean zegoelako, “Burdigala eta Astorga lotzen zituen galtzadaren artean”, hain zuzen ere. Han ziren, halaber Mediterraneotik Kantauriko Oiassoraino zihoan Tarracoko galtzada edota Europatik zetorren Done Jakue bidea.

Horiez gain, ordea, beste bide mota ugari ekarriko dituzte hausnarketa eta eztabaidara: “Landa bideak, baso eta erreketakoak trashumantziarenak, kontrabandoarenak… Baita izaera pragmatikoagokoak ere, izan trenbideak, izan altxonbideak edo abelbideak”, edota historian eta memorian galdutako beste hamaika bide, “ oroimenaren bidean, dudarik gabe, asko dago berreskuratzeko”.

Hilaren 22an larunbatez egingo dute ekitaldi nagusia Iruñeko Nafarroako Museoan, goiz eta arratsaldez: Aranzadiko Juan María Martinez Txoperenak Tarracotik Oiassorako bideaz jandungo du; Iñaki Uriarte arkitektoak uraren bideak aztertuko ditu; Amaia Apraizek trenbideetakoak, eta Amaia Martinez Matiak ibilbide kulturalak. Kontrabandoaren eta errepresioaren bideak –Comète sarea– ere mintzagai izango dituzte, hurrenez hurren José Antonio Peralesekin eta, Isabel Elizalde eta Juanbi Mihurarekin, azken biak Comète sarean aritu zirenen senideak.

Informazio zehatzagoa Nabarraldeko webgunean kontsulta daiteke.