argia.eus
INPRIMATU
Bidasoan itotako gaztea Abdoulaye Coulibaly zen, 18 urteko ginearra
  • Maiatzean, patera batean heldu zen Kanaria uharteetara. Frantziara gurutzatu nahi zuen familia kide batekin elkartzeko asmoz. Hiru hilabetetan, Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko mugan hil den hirugarren pertsona da Coulibaly.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 11
Hildako gaztearen heriotza salatzeko elkarretaratzea Irunen. Argazkia: @euskalirratiak

Igandean Bidasoa ibaia gurutzatzeko ahaleginetan hildako pertsona Abdoulaye Coulibaly zen, Ginea Konakryn sortutako 18 urteko mutila. Asteartean jakinarazi ditu datuok Eusko Jaurlaritzak. Azaldu dutenez, gazteak hiru hilabete zeramatzan Espainiako Estatuan eta Frantziara igaro nahi zuen familia kide batekin elkartzeko asmoz.

Coulibalyk Kanaria uharteetan hasi zuen bidea. Maiatzaren 23an heldu zen bertara, 65 pertsona zeramatzan patera batean. Noticias de Gipuzcoa hedabideak azaldu duenez, Puerto Ricoko portutik ia bi kilometrora erreskatatu zituzten segurtasun indarrek ontzian zetozenak. Lehorreratu eta hiru egunera, Gurutze Gorriak kudeatzen duen kanpamentu batean artatu zituzten. Babesgabeak zirelako, elkarteak migranteak penintsulara eramateko eskatu zuen.

Lekualdaketa onartu ondoren, ekainaren 29an heldu zen Coulibaly penintsulara, eta Kataluniako Granollers herriko Gurutze Gorriko zentro batean egon zen hilabete inguru. Abuztuan, ordea, bertatik alde egin eta Gipuzkoarako bidea hartu zuen. Hilaren 5ean heldu zen Irunera, eta Iruleen kaleko dispositiboan artatu zuten.

Igandean, hiru egun geroago, Frantziara igarotzeko muga zeharkatzen saiatu zen. Bertan, osaba batekin elkartzeko asmoa zuen, SER hedabideak jakinarazi duenez. Halere, Bidasoa ibaia gurutzatzeko ahaleginetan ito zen Coulibaly. Lekuko batek uretara nola sartzen zen ikusi zuen, eta erreskatatzen saiatu zen. Baina korronte indartsuengatik atzera egin behar izan zuen. Suhilatzaileak heldu zirenerako, ezin izan zuten ezer egin 18 urteko gazteari laguntzeko.

Asteleheneko elkarretaratzea

Hiru hilabetetan, Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko mugan hil den hirugarren pertsona da Coulibaly: apirilean, Eritreako gazte batek bere buruaz beste egin zuen bertan; maiatzean, Boli Kostako gizonezko bat zendu zen itota. Abuztuaren 9an, Irunen elkarretaratze jendetsua egin zuten asteburuko heriotza salatu eta Europako migrazio politikak aldatzea eskatzeko.