Boli Kostatik zetorren 38 urteko gizonezkoaren gorpua ibaian aurkitu zuten. Igandean elkarretaratzea egin du Irungo Harrera Sareak, eta instituzioei “gehiago” egiteko eskatu diete.
Aurten Euskal Herrian migrazio bidean hil den zazpigarren pertsona izan da. Larunbatean aurkitu zuten hilotza Irunen, Bidasoa ibaian, Endarlatsa inguruan. Boli Kostatik zetorren gizonezkoa, eta 38 urte zituen. Irungo Harrera Sareak igandean “dolu eta salaketa” elkarretaratze jendetsua egin du herriko udaletxe parean, eta “harrera-politika txarren beste biktima bat” dela salatu dute. Ohar batean nabarmendu dute “iragarritako heriotza” izan dela, azaro hasieran ohartarazi baitzuten baldintzak betetzen ari zirela Europa iparralderako migrazio-bidaian dauden pertsonak “beharrezkoak ez ziren arriskuak hartzera bultzatzeko”.
Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Diputazioari eta Irungo Udalari leporatzen diote erantzukizuna, eta kritikatu dute Gipuzkoatik Lapurdira igaro nahi duten migranteen “bizitzekin jolasten” ari direla, 100 metrora ikusten duten muga pasatzeko duten “etsipenaz” baliatuta: “Kalean lo egin behar izatearen perspektibaren aurrean, igerian pasatzeko arriskua hartzera bultzatzen ari dira”. Izan ere, boluntario sareak enegarren aldiz salatu du Irun eta Hendaia arteko muga “gero eta modu zorrotzagoan” itxi dutela eta, gainera, pasaeran dauden migratzaileei Irunen “harrera eskasa” egiten zaiela. Jakinarazi dutenez, azken astean gutxienez hamar laguni ukatu egin diete sarrera Gurutze Gorriak kudeatzen duen Espainiako Barne Ministerioaren zentrora, “irizpideak” betetzen ez zituztelako. Beraz, bertan “tokia egonik ere”, etxe partikularretan hartu behar izan dituzte.
Irungo Harrera Sareak aldarrikatu du hamaikagarren aldiz errepikatuko dutela erakunde guztiek “gehiago” egin dezaketela igarobidean dauden migranteen “sufrimendua arintzeko”: “Ez digu balio erakundeetako ordezkarien kexak entzuteak mugako itxierari buruz edo pertsonen bizitzaren garrantziari buruz, hori saihesteko beren esku dagoen guztia egiten ez badute”. “Benetako harrera politikak” eskatu dituzte.
Santiago zubian elkarretaratzea
Gaur, astelehena, 19:00etan elkarretaratzea egingo dute Bidasoa gainetik igarotzen den eta Irun eta Hendaia batzen dituen Santiago zubian. Irungo Harrera Sareak bat egingo du Etorkinekin, Diakite, La Cimade eta Elkartasuna Larrun elkarteekin. Ipar eta Hego Euskal Herriko herritarrak zubiaren alde banatik abiatuta giza katea egitera deitu dituzte, eta kandelak eta suziriak eramatea proposatu dute.
?? *ELKARRETARATZEA / CONCENTRACION* ??
? Azaroak 22 Noviembre
?19:00
? Puente de Santiagoko Zubia
— Irungo Harrera Sarea (@IrungoHS) November 21, 2021