argia.eus
INPRIMATU
Bidasoan goiti Elizondoko Txokoto presaraino ailegatu da izokin atlantiarra
  • Nafarroako Gobernuaren ustez, «oztopoak ezabatzeko estrategiak ahalbidetu du aurrerapen hori, gutienez duela 30 urtetik ez baita horrelakorik egiaztatu ahal izan».

Erran .eus @erran_eus 2019ko azaroaren 27a
Izokinak Bidasoa ibaian (argazkia: Erran.eus).

Markatuta ziren 19 izokin atlantiarretatik 11 Doneztebeko San Tiburtzio presatik gorago iritsi dira, eta horietatik hiru Elizondoraino azken egunotan. Bik Elizondoko Txokoto presa gainditzea lortu dute.

Datua egiaztatu du Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak, LIFE IREKIBAI proiektuaren barrenean, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa publikoko eta Ingurumen Zaindegiko langileek. Ibaian gora joateko garaian, eta emariaren baldintza egokiei esker, iaz ere hauteman zen presentzia egiaztatu da aurten ere Bidasoaren goiko aldean. Teknikarien arabera, Bidasoan oztopoak kentzeko estrategiak ahalbidetu du aurrerapena, azkeneko 30 urteotan gutienez ez baita horrelakorik egiaztatu inguru horretan.

Izokinak Bidasoan gorago iristea 2018an hauteman zen jada, markatuta zeuden 28 izokinetatik hiru Doneztebeko San Tiburtzio presatik gorago ailegatu zirenean, eta horietako bat Oharrizko presaraino, Elizondotik 5 kilometrora. Aurten, gora egiteko garaiak datu horiek berretsi ditu, azken hamarkadetako joerari buelta emanez. Izan ere, Bidasoko erdialdearen eta behealdearen artean presa formako oztopo ugari eraikitzeak izokinak Bidasoaren goiko aldera ezin iristea ekarri zuen, aspaldiko garaietan egiten zuten bezala.

Aurten, migraziorako egokiak diren ur-emariak eta Bidasoaren oraingo egoerak izokin kopuru handia goiko uretara iristea ahalbidetu du. Hori horrela bada ere, Oharrizko presa oztopo handia da oraindik migrazio horretarako, eta bertze hainbat izokin presako putzuan daude, ez dute gainditzea lortu oraindik.

Nafarroako Gobernua, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoarekin batera, duela 15 urte baino gehiago hasi zen Bidasoaren egoera hobetzeko lanean, erabiltzen ez ziren presa batzuk kenduz eta erabiltzen ari direnetan pasabideak hobetuz. Gaur egun, Nafarroako Gobernuak, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, LIFE IREKIBAI Ibai irekiak: Nafarroak eta Gipuzkoak partekatzen dituzten ibaien konektibitatea eta habitatak hobetzen proiektuan hartzen du parte. Proiektu horri esker, Endarlatsako, Berako edo Iturengo presak kendu dituzte, eta baita Arraiozkoa eta Elgorriagakoa ere.

Onurak izokinarentzat eta bertze espezie batzuentzat

Bidasoan egindako ahalegin guztiei esker, izokin populazioa pixkanaka baina modu iraunkorrean hobetu da, azken 10 urteotan 400 ale baino gehiagoko kopuruari eutsi baitio. Gaur egun 409 dira goiti egitea lortu duten izokinak, eta baliteke kopuru hori handitzea, denboraldia ez baita oraindik amaitu. Gainera, pasabideei esker izokin gehiago iritsi dira Bidasoaren erdiko eta goiko partera eta, ondorioz, arrautzak jartzeko toki hobeak eta arrainkumeak hazteko baldintza egokiagoak izan ditzakete.

Berriki arte, izokin batek Bertizeraino iristeko gainditu behar zituen oztopo ugariak zirela eta, Erreparazeko zubia zen izokin kopuru txiki erregular batek ailegatzea lortzen zuen itsasotik urrutien zegoen tokia. Aipatzekoa da, izokinaz gain, bere espezie laguntzaile guztiei, hala nola amuarraina, erretxina, aingira, kolaka edo lanproia ere, Bidasoko iragazketa lanek mesede egin diela.

Kantaurialdeko ibaien arazoei buruzko erakusketa Iruñean eta gero, abenduaren 16tik aitzinera, Bertizen

Gai horrekin erlazionaturik, hain zuzen ere, joan den astetik, Oztoporik gabe, hobe! / ¡Que corra el agua! erakusketa bisita daiteke Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Sailaren egoitzan (Gonzalez Tablas kalea, 7. Iruñea). Kantaurialdeko ibaien arazoari eta, batez ere, horiek zatikatzeak Bidasoan bizitza basatirako dituen ondorioei buruzko erakusketa da. Erakusketa eraikinaren beheko solairuan dago, eta datorren abenduaren 15era arte ikusi ahal izanen da.

Erakusketa, Europako LIFE IREKIBAI proiektuaren dibulgazio lanaren parte da. Nafarroako Gobernuak proiektu horretan hartzen du parte, eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa GAN-NIK enpresa publikoak koordinatu du.

Labrit Multimedia enpresak egindako Oztoporik gabe, hobe! / ¡Que corra el agua! erakusketa, Bidasoa ibaiaren hondoa eta ingurunea irudikatzen dituzten neurri handiko hamar panelek osatzen dute, eta izokina protagonista izanik, arazoa eta gure ibaiak hobetzeko administrazioak hartzen ari diren bioaniztasunaren kontserbaziorako politikak ere azaltzen ditu. Gisa berean, aipaturiko LIFE IREKIBAI proiektu europarraren bitartez aitzinera eramandako neurriak eta lortu diren emaitzak zehazten dira.

Departamentutik igaro ondotik, abenduaren 16tik aitzinera Bertizko Jaurerriko Parke Naturalean (Oieregi) jarriko da erakusketa. Datorren urtean, 2020an jadanik, otsailean, Geltokira (Iruñeko autobus geltoki zaharra) iritsiko da, eta hurrengo udaberri osoan Nafarroako Kantauri isurialdeko hainbat tokitan eta udalerritan egonen da ikusgai. Horrela, Elizondon, Sunbillan, Lesakan, Donezteben, Leitzan, Etxalarren eta Beran bisitatu ahal izanen da.

Horrelako ekimenekin Europako LIFE IREKIBAI proiektuak jendearen sentsibilizazioa eta partaidetza sustatu nahi ditu, eta ibaietako habitataren, landarediaren eta faunaren zaintza hobetzeko, instituzioen, erakundeen, enpresen, komunitateen eta pertsonen esfortzu bateratua aldarrikatzen ditu.