Larunbatean, hilak 12, Bidasoa ibaia zeharkatzen saiatu ziren hiru migrante. Haietako bik Biriatura heltzea lortu zuten, baina hirugarrena desagertu egin zen. Hura bilatzeko lanek jarraitzen dutenean, Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea deitu du astelehenerako, 18:30ean Behobiako zubian.
Besteren artean, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak egin du bat deialdiarekin. Halaber, Bidasoa ibaian desgertu eta Kanariar Uharteetara iristeko ahaleginean hil diren migratzaileak gogoan, elkarretaratzeak deitu ditu elkarte horrek biharko Gasteizen, Iruñean eta Bilbon.
"Ez da onargarria 2022. urtean ere beste pertrsona baten heriotzaren berri eman beharra", adierazi du Irungo Harrera Sareak. "Bide seguruek ez dituzte pertsonak hiltzen, bai aldiz, kontrol arrazistek". Elkarteak gogorarazi du zazpi pertsona hil zirela iaz, ibaian eta trenbideetan.
Ipar eta Euskal Herriko erakundeei eskatu die "beharrezkoa den korridore humanitarioa bermatzea". Azaldu dute bitartean Ipar Euskal Herriko sareetako kideak ari direla korridore humanitarioen ardura hartzen, eta "jazarpen poliziala" jasan dutela horregatik azken hilabeetan. "Antolakuntza eta egitura solidarioen aurkako kriminalizazioa gertatzen ari da", diote. Nabarmendu dute urtea hasi zenetik bi boluntario komisaldegian atxiki dituztela.
Instituzioak, Santiago Zubian
Ostiralean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jean Rene Etchegary Euskal Elkargoko lehendakaria Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago Zubian izan ziren, migratzaileen arretarako lankidetza berresteko.
"Zubi honetara etorri gara, mundu osoko jende askoren joan-etorriaren sinbolo, hainbeste zubi eta mugatan. Gerratik, pobreziatik eta indarkeriatik ihes egiten duten pertsonak; bizitza hobea bilatzen dutenak; aukera bat izateko borrokatzen direnak", adierazi du Urkulluk. “Euskadiko eta Europa osoko terrorismoaren biktimekiko gure oroitzapena, aintzatespena eta elkartasuna adierazten ditugu. Gogoan daukagu Errusiak Ukrainari egindako inbasioa, pertsona errugabeak erasotzen dituelako, eta laguntza, babesa eta harrera bilatzen duten milaka pertsonen ihesa eragiten duelako".
Igandean, bestalde, Etchegarayk agiria plazaratu du. "Mugaz bi aldeetako instituzioek zerbitzu boluntaristak jartzetik harago, pertsona migranteentzat bideak segurtatzen ez badira, drama hauek gertatzen jarraituko dute", ohartarzi du. Hala, Europar Batasunari eskatu dio migranteentzat pasabide seguruak bermatzeko.